Gizartea -

KORONABIRUSA

Covid-19 kasuek gora egin dute berriro Nafarroan

Bezperan baino 29 positibo gehiago atzeman dituzte. Positibotasun tasa % 8,4an kokatu da.

Osasun langile bat PRC proba bat egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Osasun langile bat PRC proba bat egiten.
Osasun langile bat PRC proba bat egiten. Artxiboko argazkia: EFE

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteko lehen laneguneko datuek gorakada ekarri dute Nafarroako positibo berrien kopuruan. Izan ere, astelehen honetan 162 positibo zenbatu dituzte, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Astelehenean, 1.927 proba diagnostiko (PCR eta antigeno) egin dituzte, eta 162k eman dute positibo. Bezperako datuekin alderatuta, igandean baino 29 kasu gehiago atzeman dituzte, eta joan den asteko datuen mailara igo da berriro intzidentzia (160 positibo atzeman zituzten ostiralean, eta 182 ostegunean). Positibotasun tasari dagokionez, jaitsi egin da bezperarekin alderatuta: % 9,7tik % 8,4ra.

Gaixotasun horrekin lotutako sei ospitaleratze berri izan ziren atzo Foru Erkidegoan, bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan. Halaber, atzo beste heriotza bat izan zen, 82 urteko gizon bat.

Nafarroa da, beste astebetez, covid-19 proba diagnostiko gehien egiten dituen erkidegoa: 826,48 mila biztanleko, Osasun Ministerioaren estatistika ofizialaren arabera. Estatuko batez bestekoa 498,74 da mila biztanleko.

Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 59 erregistratu zituzten, Tuteran % 11 eta Lizarran % 10. Gainerako positiboak (% 20) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.

Bederatzi udalerrik eta auzok bost kasuko langa gainditu dute, gainera. Denen aurretik Iruñeko Arrotxapea auzoa kokatu da, bederatzi kutsatzerekin. Ondoren ageri dira Berriozar eta Sarriguren (Burlata), zortzina kasurekin. Mutiloak zazpi positibo zenbatu ditu, eta Iruñeko Sanduzelai, II. Zabalgunea eta Arrosadia auzoetan eta Barañain eta Antsoainen, zazpina.

Adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, 15-29 urtekoen taldean (% 27) eta 45-59 urtekoen taldean (% 24) daude gehienak. Ondoren, 30-44 urtekoen taldean, % 18; eta 60-75 urtekoen taldean, % 12. Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea (% 10) eta 15 urtetik beherakoena (% 9) daude.

Positibo berrien batez besteko adina 42,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 57 gizonezkoak dira eta % 43 emakumezkoak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 129 pertsona daude ospitaleratuta covid-19arekin (atzo baino bat gehiago); horietatik 15 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino bat gutxiago), eta beste 14 etxeko ospitaleratzean (atzo bezala). Gainerakoak, 100 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino bi gehiago).

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko txostenen arabera eta hilean behin Osasun Ministerioaren datuekin doitu ondoren, 44.060 kasu izan dira Nafarroan. Nafarroan 981 pertsona hil dira jada.

1.000 txerto baino gehiago eman zituzten atzo

Txertaketa planari dagokionez, 6.594 pertsonari jarri diete txertoa atzora arte, eta atzo 1.088 dosi eman zituzten.

Gaur, ia hogei egoitza-zentrotako eta komunitate erlijiosoetako 900 pertsonari jarriko diete txertoa. Langile soziosanitarioek Nafarroako azoka barrutian jarraitzen dute txertoa hartzen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea