Gizartea -
Talasoterapia zentroa
La Perlako hiru bezero ospitalean daude ihes batengatik
Zentroaren gerenteak esan du "hornitzailearen giza-akats" baten ondorioz izan dela gas-ihesa eta "gutxi barru" berriro irekita egongo dela hitz eman du. Nrmaltasuna da nagusi orain La Perla inguruan.
Erredakzioa
Donostiako 'La Perla' Talasoterapia zentroa jendez hustu dute gaur goizean gas-ihesa izan delako eta osasun zerbitzuek 70 bezero inguru artatu behar izan dituzte, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
Horietako 14 ospitalera eraman dituzte, baina ez daude larri, eta hamakari alta eman diete jada, Osakidetzak jakitera eman duenez. "Mota honetako toxikazioek birikei eragiten diete normalean eta nola garatzen den ikusi behar da", adierazi dute Osakidetzatik bezeroen ospitaleratzea arrazoitzeko.
Nekane Burutaran Donostiako Babes Zibileko zinegotziak azaldu duenez, kamioi batek La Perla barruko tanke batean produktu kimiko bat sartzen ari zenean izan da ihesa, 08:30 aldera, eta orduan nahastu dira kloroa eta azido sulfurikoa, ihesa eraginez.
Isuria izan denean 80 bat lagun zeuden talasoterapia zentroan (bezeroak eta langileak) eta Udaltzaingoak denak aterarazi ditu "badaezpada ere" eta Antiguatik hiri erdigunera doan oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea itxi du La Perla parean. Ordu batzuk geroago, ordea, ireki dute bidea eta normaltasuna itzuli da ingurura.
Talasoterapia zentroaren alboan dauden kafetegia eta lokalak ere jendez hustu dituzte.
Hasiera batean La Perlatik atera direnak Kontxako hondartzara joan dira, asko bainujantziarekin eta bainu-batarekin, eta berehala anbulantziak bertaratu dira zaurituak artatzeko.
Hamalau pertsona Donostia Ospitalera eraman behar izan dituzte eta zaintzapean daude arnasa hartzeko arazoak dituztelako, Osakidetzak jakitera eman duenez. Denak bezeroak dira eta batzuk zorabiatuta eraman dituzte.
Burutaranen esanetan, zaurituak ez daude larri eta "badaezpada ere" eraman dituzte ospitalera.
La Perla inguruan Udaltzaingoa, Ertzaintza eta suhiltzaileak aritu dira lanean maskarak jantzita.
Nekane Burutaranez gain, Asier Jaka Ingurugiro zinegotzia eta Jon Albizu Mugikortasun zinegotzia ere bertaratu dira lanak koordinatzeko.
"Giza-akatsa"
Francis Tamayo talasoterapia eta gimnasioaren gerenteak esan du "hornitzailearen giza-akats" baten ondorioz izan dela gas-ihesa. Dena dela, "gutxi barru" La Perla berriro irekita egongo dela hitz eman du.
Azaldu duenez, hornitzaileak "behar ez zen" elementu kimiko bat (azido sulfurikoa) sartu du kloro deposituan eta orduan gertatu da gas-ihesa.
Horrelako egoeren aurrean ezartzen den protokoloa "oso zalapartatsua" dela onartu duen arren, La Perla egoera "ezinhobean" omen dago eta "gutxi barru" irekitzeko moduan egongo da. Hala ere, "horrelako gauzak ongi eta lasai" egin behar direla eta "dena gainbegiratuko" dutela hitz eman du.
Lekukoak
Enrique Fuentes istripua gertatu den unean La Perlan zegoen bezeroetako batek esan du "igerileku handian" zegoela gas-ihesa gertatu denean. Orduan, emakume batzuk korrika ikusi ditu saunetatik ateratzen.
Berehala "azkura" sentitzen hasi da arnasa hartzerakoan eta ate nagusitik jendea hondartzara ihes egiten ikusi du.
Dozenaka pertsona bainujantzia soinean hainbat minutuz egon dira osasun zerbitzuen zain hondartzan. Lekukoak azaldu duenez, lehenik "gehien eztul egiten zutenak eta aurpegi txarrena zutenak" artatu dituzte.
Enrique fuentesek bainujantzia, txankletak eta toalla bat besterik ez zituen soinean eta ez zekien noiz itzuli ahal izango zuen Gasteizera, bere etxera, bere arropa eta eramandako guztia La Perlako aldageletan baitago, eta zentroa itxita.