Gizartea -
NAFARROA
Etxeratze agindua urratu eta droga proban positibo eman du gizon batek Tuteran
Halaber, Udaltzaingoak egiaztatu du gidabaimeneko punturik gabe gidatzen ari zela. Besteak beste, bide segurtasunaren aurkako delitua leporatu diote.
O. A. | EITB MEDIA
Tuterako Udaltzaingoak gizon bat salatu du, koronabirusaren aurre egiteko asmoz ezarritako etxeratze agindua ez errespetatzeagatik, gidabaimenean punturik izan gabe gidatzeagatik eta droga proban positibo emateagatik.
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, atzo 23:15ak aldera gertatu zen igerileku estalien kanpoaldean. Antza denez, bertatik igarotzen ari ziren udaltzainek auto bat aparkalekutik ateratzen ari zela ikusi zuten.
Gidaria geldiarazi ostean udaltzainek egiaztatu ahal izan zuten 2018az geroztik gidabaimeneko punturik gabe zegoela. Salatutako gidariak ez du puntu horiek berreskuratzeko ikastaroa egin.
Hori dela eta, bide segurtasunaren aurkako delitua leporatu diote. Gainera, bere aurkako salaketa jarri dute, droga proban metanfetamina eta anfetaminagatik positibo emateagatik eta etxeratze agindua ez errespetatzeagatik.