Gizartea -
2,6 kilometroko tartea
Astelehenean irekiko dute Bakio eta Bermeoren arteko errepide berria
Errepide tarte berriak 9,8 milioi euroko inbertsioa eskatu du eta San Pelaioko auzotik abiatuta (Bakio) Repsoleko instalazioetarako (Bermeo) iritsiko da.
Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak Bakioren eta Bermeoren arteko saihesbidea zabalduko du datorren astelehenean, azaroaren 21ean. Bide berriaren kostua 9,8 milioi euro izan da eta bi herrien arteko komunikazioak hobetuko ditu, lur-jausien ondorioz urtero neguan itxi behar zen BI-3101 errepidearen zatia ordezkatuko baitu. Bide berria errepide zaharra negurako ixten denean zabalduko da, foru erakundeak hartutako konpromisoa beteta.
Bide berria San Pelaioko auzoan hasten da eta Bermeoko Repsolen instalazioetaraino doa (instalazio horiek La Gaviota plataformaren ustiapenarekin lotuta daude). Guztira 2,6 kilometro dira, 3,5 metroko zabalera duten bi erreiekin.
Bide zaharreko zati bat zabalik egongo da Ermuagoikoako eta Ermuabekoako etxebizitzei zerbitzua emateko, San Pelaio auzunean hasi eta Gaztelugatzerako sarbideraino.