Gizartea -

Gertakaria

Emakume bat atxilotu dute Beasainen, bikotekidea bizkarrean sastatzeagatik

Gizona Zumarragako Ospitalean dago. 52 urteko emakumea atxilotu dute.

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

52 urteko emakume bat atxilotu zuen Ertzaintzak ostiralean, Beasainen (Gipuzkoa), bikotekidea bizkarrean labanaz sastatzea egotzita. Gizona Zumarragako Ospitalean dago.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertakariak bart jazo ziren, 22:30 aldera. Beasaingo etxebizitza batean gertatutako eraso baten berri izan zuen Ertzaintzak.

Gizona lehen solairuan ahuspez etzanda aurkitu zuten ertzainek, bizkarrean zauri bat odoletan zuela. Bizilagun bat zauritua artatzen ari zen.

Bikotekidearekin eztabaida beroa izan zuela azaldu zien zaurituak ertzainei, eta etxebizitzatik alde egiteko erabakia hartu zuela.

Hala ere, etxetik ateratzen ari zela sorbaldaren behealdean min-ziztada sentitu zuen, eta emakumeak labana sartu ziola konturatu zen.

Jarraian, gizonezkoa lehen solairura jaitsi zen, bizilagun bati laguntza eskatzeko.

Gutxi geroago, osasun langileak heldu ziren, eta biktima artatu eta Zumarragako Ospitalera eraman zuten.

Aldi berean, beste ertzain batzuk etxebizitzara igo ziren, eta ustezko erasotzailearekin hitz egin ondoren, etxeko indarkeria egotzita atxilotu zuten.

Atxilotua epailearen esku utzi dute goizean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Zumarraga Beasain Albisteak