Gizartea -

Gipuzkoa

Espetxera bidali dute Errenterian emakume bati labanaz eraso egin zion gizona

Emakumea kaleko banku batean eserita zegoela, gizona diru eske hurbildu zitzaion. Emakumeak dirurik emango ez ziola ikusita, gizonak labanaz eraso egin zion.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen astelehen gauean Errenterian, emakume bat labankadaz hiltzen saiatu izana egotzita. Antza, dirurik eman nahi ez ziolako egin zion eraso. Epaileak erasotzailea espetxeratzeko agindua eman du gaur gauean. 

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, erasoa Nafarroa Etorbideko arkupean gertatu zen, 21:30 inguruan. Biktima beste bi lagunekin batera banku batean eserita zegoenean, gurpildun aulki batean zihoan gizonezko bat hurbildu zitzaion eta dirua eskatu zion. Antza, elkar ezagutzen zuten.

Emakumeak dirurik emango ez ziola esan zionean, gizonak labana atera zuen eta lepoan jarri zion, zauria eraginez. Biktima ezagun baten etxera joan zen laguntza eske, eta handik anbulatoriora joan ziren biak. Zauria larri zela ikusita, Donostia ospitalera eraman zuten gero. Ebakuntza egin zioten eta une honetan zaintza berezietarako unitatean dagoela azaldu du Ertzaintzak.   

Ertzainek gertakaria jazo zen inguruan topatu zuten ustezko erasotzailea eta atxilotu egin zuten, hilketa saiakera leporatuta. Soinean odol arrastoak zeuzkan.  Halaber, handik hurbil aurkitu zuten erasoan erabilitako labana.

56 urteko gizonezkoa gaur arratsaldean utzi dute epailearen esku. Aurrekariak dituela zehaztu du Segurtasun Sailak. Epaileak erasotzailea espetxeratzeko agindua eman du gaur gauean.  

Erasotzailea eta biktima elkar ezagutzen ziren, baina, antza denez, ez zuten harreman sentimentalik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Errenteria Albisteak