Gizartea -
Iruzurra
Bilboko bi abokatu atxilotu dituzte etorkinei iruzur egiteagatik
Antzeko gertakariengatik aurrekariak dituzte bi atxilotuek. Abokatuak azaroaren 10ean atxilotu zituzten, bost asteko ikerketa baten ostean.
Erredakzioa
Ertzaintzak bi abokatu atxilotu ditu Bilbon. Etorkinei iruzur egitea leporatzen diete bi atxilotuei. Lan-kontratu baten truke ustez dirua kobratzen zieten etorkinei, Espainian euren egoera erregularizatzeko.
Herrizaingo Sailak komunikatu baten bidez gaur jakitera eman duenez, bi abokatuen atxiloketa azaroaren 10an jazo zen, bost asteko ikerketa egin eta gero. Antzeko gertakariengatik aurrekariak dituzte bi atxilotuek.
Ikerketan zehar, legez kanpo zeuden etorkinak (magrebtarrak batez ere) lan-kontratuak lortzeko Bilboko bi gestoriatara joaten zirela antzeman zuten ertzainek. Horrela, etorkinek euren egoera erregularizatu nahi zuten.
2.400 eta 3.000 euro arteko ordainketak egiten zituzten etorkinek. Abokatuek diru horren truke ustez ostalaritza lokaletan kontratuak eskaintzen zizkieten, baina bestelakoak ziren.
Lau kaltetu, momentuz
Iruzurrarekin urtarrilean hasi zirela azaldu du ikerketak. Atxiloketak egin arte lau kaltetu topatu ditu Ertzaintzak, baita ustezko enplegu-emaileak ere.
Abokatuak atxilotu ostean, bi gestoriak miatu dituzte ertzainek. Egoitzetan agiri ugari aurkitu ditu Ertzaintzak, besteak beste, egindako kontratuak.