Gizartea -
Istripuaren ostean
Barakaldoko Udalak Profusa behin-behinekoz gelditzeko eskatu du
Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkateak gas gordailua ixteko agindu du, eta segurtasun neurriak bete arte ezin izango dira lanera itzuli.
Erredakzioa
Barakaldoko Udalak Productos de Fundición S.A. (Profusa) gas enpresa ixteko agindu du, atzo sute bat piztu ostean. Halaber, Eusko Jaurlaritzak lantegiko jarduna segurtasun neurriak bete arte eteteko eskatu du.
Profusako gas gordailuko sutea atzoko eguerdia baino lehen hasi zen, eta gaur amatatu dute, 04:00etan; zortzi etxe hustu behar izan dituzte haren eraginez.
Tontxu Rodriguezek gas gordailua behin-behinekoz gelditzeko agindu du, eta segurtasun neurriak bete arte ezingo dute martxan jarri. Enpresak bazekien aurretik segurtasun neurriak bete behar zituela, Udalak horrela jakinarazi ziolako.
Enpresaren jarrerarekin "gogaituta" dagoela adierazi du Rodriguezek. Izan ere, "enpresak herritarrei arazoak sortzen dizkie eta ez die arazo horiei aurre egiten", Rodriguezen hitzetan.
Alkateak adierazi duenez, atzo premiazko bilera deitu zuen enpresako zuzendaritzarekin, eta gaur goizean "ez da inor agertu".
Eusko Jaurlaritzak Udalari gaur jakinarazi dionez, atzo atmosferara isuritako gas mailak ez zuen onartutako maximoa gainditu; hala ere, istripuaren larritasuna dela eta, 100.000 euroko isuna ezarri dute.
Alkateak adierazi duenez, Udaltzaingoa uneoro egongo da istripuaren gunean gas gordailua ixten dutela ziurtatzeko, eta enpresan sartzen eta enpresatik ateratzen diren kamioiek segurtasun eta higiene neurriak betetzen dituztela egiaztatzeko.