Gizartea -
Hilketagaitik epaitua
Biktimarekin harremanak izan eta segituan joan zela dio akusatuak
Salaketa partikularraren txostenak dio biktimarekin borrokan ari zen bitartean buruan golpe bat eman eta "zorabiatuta" utzi zuela.
Erredakzioa
58 urteko gizon bat hiltzeagaitik epaitzen ari diren gazte argeliarrak esan du harreman sexualak izan zituela biktimarekin, baina bukatu bezain laister etxetik alde egin zuela, eta, horrenbestez, ez dakiela nork edo zelan hil zuen pertsona hori. Gertaera 2009ko ekainean izan zen biktimaren etxean, Bilbon.
Hilketa gertatu zenean 22 urte zituen J.B.A gazteak gaur ospatu den epaiketaren lehen saioan egin ditu adierazpen hauek. Epaiketa Bizkaiko Lurralde Auzitegian hasi da, eta datorren 30ra arte luzatuko da.
Soilik bere abokatuaren galderei erantzunez, gertaera 2009ko ekaineko 26tik 27ra arteko gauean hasi zela adierazi du, kalean zeudela ezagutzen ez zuen biktimarekin (58 urteko J.F.A.) hizketan hasi zenean.
Biak mozkor zeudela nabarmendu du, eta edaten eta musika entzuten jarraitzeko asmoz, hildakoak bere etxera joateko gonbitea egin ziola. Akusatuak, drogak kontsumitu zituela onartu eta gero, gonbiteari baietz esan eta biktimaren etxera joan zela onartu du, haren esanetan momentu batzuk arinago marokoar talde batekin eztabaida bat izan eta gero "beldurrez" zegoelako , eta hildakoa "bertakoa izateak" konfiantza eman baitzion.
Behin etxean zeudela, biktimak harreman sexualak izatea proposatu zion, eta akusatuak onartu egin zuen
"Itzuli, itzuli"Behin harremanak bukatuta eta "presentzia arraro" bat nabaritu ostean, arinago izandako istiluan parte hartu zuen marokoar baten ahotsa antzeman zuela nabarmendu du, eta hori dela eta etxetik alde egin zuen hildakoak "itzuli, itzuli" oihukatzen zion bitartean. Biktima bakarrik edo lagun artean bizi ote zen ez dakiela adierazi du, gertakari horren ostean ez zuela berriz gehiago ikusi gaineratuz.
Salaketa partikularraren txostenak dio biktimak harrman sexualak izatea proposatu zionean borrokan hasi zirela eta akusatuak buruan golpe bat eman eta "zorabiatuta" utzi zuela. Akusazio partikularra eta Fiskaltzaren arabera, behin lurrean etzanda zegoela, bere gainean jarri eta itolarri eta asfixia eragin zizkion neopreno zorro eta burko batekin.