Gizartea -
Artzeniega eta Amurrion
30 pertsona espedientatu dituzte perretxikoak ilegalki hartzearren
Erregistroan, teorian salmentarako bideratu behar zituzten 30 kilo perretxiko baino gehiago konfiskatu dizkiete, eta bide batez, material hori almazenatzeko erabiltzen zituzten kaxetariko asko.
Erredakzioa
Amurrion eta Artzeniegan perretxikoak ilegalki batzen ari zirela, Poliziak ezuztean harrapatu eta espedientea zabaldu die 30 pertsona ingururi, Jaurlaritzako Barne Sailak azaldu duenez.
Astelehen gauean Amurrioko auzo bateko bizilagunek hogeita hamar bat lagunen presentziaz ohartarazi ostean identifikatu zituzten. Biltzaileek perretxiko "kopuru handia" batu zuten, eta batutako guztia plastikozko poltsetan gorde.
Dirudienez, taldeko kideek hiru furgoneta erabili zituzten joan-etorria egiteko, eta hauen barruan perretxikoak almazenatzeko kaxa ugari zein gaua igarotzeko koltxoi eta mantak zituzten. Erregistroan, teorian salmentarako bideratu behar zituzten 30 kilo perretxiko baino gehiago konfiskatu dizkiete, eta bide batez, produktu horiek almazenatzeko erabiltzen zituzten kaxak.
Horrez gain, gaur goizean Ertzaintzaren patruila batek atzo identifikatu zituen talde bereko partaideak aurkitu ditu Artzeniegan, dirudienez atzo utzitako lanari berriz ere ekiten.
Aldundiaren kontrol kanpaina
Perretxikoen bilketa ilegala zein Lurralde Historikoaren mendietan praktikatzen diren ohitura txarrak sahiesteko asmoz, Arabako Foru Aldundiak 2009ean kontrol "Intentsibo" bat jarri zuen martxan.
Gauzak horrela, Perretxikoen Bilketaren Foru Araudiak eguneko zein pertsonako bi kilo batzeko araua ezartzen du. Halere, gauean batzea eta plastikozko poltsak erabiltzea debekatzen ditu, kasu honetan gertatzen zena, adibidez. Isuna 30 eurotik hasi eta 250 euro arte hel daiteke.