Gizartea -

TRANS LEGEAREN ZIRRIBORROA

Adingabeek sexua aldatu ahalko dute erregistroan, medikuaren txostenik gabe

12 eta 16 urte bitartekoek gurasoen baimena beharko dute; hortik aurrerakoek, ez.

Ortzadar bandera, LGTB kolektiboaren sinboloa. Artxiboko argazkia: EFE
Ortzadar bandera, LGTB kolektiboaren sinboloa
Ortzadar bandera, LGTB kolektiboaren sinboloa. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Berdintasun Ministerioa prestatzen ari den Trans legearen zirriborroaren arabera, adingabeek erregistro zibilean sexua aldatu ahalko dute medikuaren txostenik gabe. 12 urtetik beherakoen kasuan, gurasoek edo tutoreek egin beharko dute eskaera; 12 eta 16 urte bitartean dituztenen kasuan, gurasoen baimena ezinbestekoa izango da, eta 16 urtetik aurrera dituztenen kasuan, nahikoa izango da pertsona horrek sexua aldatzeko nahia adieraztea.

Legearen zirriborroak transexualitatea patologien zerrendatik ezabatzen du, Munduko Osasun Erakundearen ildoari jarraituz. Gainera, babesa eta berariazko eskubideak aitortzen dizkie "jaiotzean esleitutako sexuarekin bat ez datorren genero identitatea adierazten duten pertsonei".

Gobernuko iturriek adierazi dutenez, Berdintasun Ministerioak diseinatutako legea da eta oraindik ez du PSOEren erabateko oniritzirik. Horrela, legearen zirriborroak "ohiko tramitazioa" jarraitu behar du. Bidean beste ministerio batzuen parte-hartzea ere izango da, Justizia eta Osasun Ministerioena, bereziki.

Berdintasun Ministerioak otsaileko lehendabiziko hamabostaldian eraman nahi du aurreproiektua Ministroen Kontseilura. Hain zuzen ere, gai horretaz aritzeko elkartu omen ziren iragan astean Carmen Calvo Gobernuko presidenteordea eta Irene Montero Berdintasun ministroa.

Trans legearen zirriborroaren gakoak:

- Askatasunez adierazitako genero identitaterako eskubidea aitortzen du, medikuaren txostenik edo txosten psikologikorik aurkeztu beharrik gabe. Berritasun nagusi gisa, ezabatu egiten du erregistroan sexua aldatzeko genero distrofia diagnostikatzeko betekizuna, eta nahikoa izango da nahia edo borondatea azaltzea.

- Ez da adinez nagusi izan beharko erregistroan sexua aldatzeko.

12 urtetik beherakoen kasuan, gurasoek edo tutoreek egin beharko dute eskaria. 12 eta 16 urte bitartean izanez gero, adingabeek eurek egin ahalko dute, gurasoen baimenarekin. 16 urtetik gorakoek, ostera, nahikoa izango dute Erregistro Zibilean sexu aldaketa gauzatzeko nahia azaltzea. 

- Erregistro Zibilean sexua aldatzeak ez ditu bertan behera utziko aurretik epaitegietan irekita zeuden auziak. Puntu horrekin mugimendu feministaren kezka bati erantzun nahi zaio; izan ere, erasotzaile batzuek lege hori erabil zezaketela ohartarazi zuten genero indarkeriaren legeak ezartzen dituen zigorrak saihesteko.

- Erregistroan sexua aldatzeak ez du pertsona behartzen izena aldatzera. Adingabeen kasuan, izena aldatzeko aukera ematen zaie sexua bere horretan mantenduz.

- Herritar orok izango du bere generoa askatasunez erabakitzeko eskubidea, baita Espainian bizi diren atzerritarrek ere, beren egoera administratiboa edozein dela ere.

- Dokumentu ofizialetan sexuari buruzko atala ez agertzea eskatu ahalko dute horrela nahi duten pertsonek. Horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu Barne Ministerioak.

- Osasun arloan, berariazko arreta eskainiko zaie eta ez zaie ebakuntzarik egitea edo tratamenduren bat abiatzea eskatuko.

Gainera, osasun publikoak tratamendu hormonala, ahots terapia, kirurgia genitalak, mamoplastiak, mastektomiak eta protesiak eskainiko ditu, eta haurdun gelditzeko gaitasuna dutenek laguntza bidezko ugalketa tekniketarako sarbidea izango dute.

- Hezkuntza alorrean, ikasleek beren genero identitatea adierazteko eskubidea izango dute. Beraz, errespetatu egingo dira ikasleen irudi fisikoa, janzkera eta beren genero identitatearen arabera erabiltzen dituzten ikastetxeko instalazioetarako sarbidea.

- Kirolean, erregistroan duten sexuaren arabera parte hartu ahalko dute. Ezingo da sexua egiaztatzeko probarik egin, "nazioarteko lehiaketak arautzen dituzten arauak betetzeari kalterik egin gabe".

- Lan arloan, bereziki lan munduan sartzeko zailtasunak dituen kolektiboa izaki, lanik gabe daudenak kontratatzeko pizgarriak izango dira.   

- Presoek erregistroak aitortzen dien sexuaren araberako tratamendua jasotzeko eskubidea izango dute. Hala ere, talde horretatik bereiztea eskatu ahalko dute beren segurtasuna edo intimitatea arriskuan dagoela ikusiz gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea LGTBI Umeak