Gizartea -
ARRAZAKERIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ZAS!-ek zurrumurruen kontrako kanpaina aurkeztu dute
Kanpaina sare sozialetan egingo da, "estereotipoak desegiteko eta kultur aniztasunaren potentziala argitara emateko".
EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sareak (ZAS!) kanpaina berri bat abiarazi dute sare sozialetan, "estereotipoak desegin eta kultur aniztasunaren potentziala argitara emateko", euskal gizartean eragin eta bizikidetzarako espazioak sortzeko asmoz.
Ekimenaren sustatzaileek adierazi dutenez, ekimenaren bidez garatutako mezuek eta ekintzek "gure gizartean kultur aniztasuna indartzeko eta diskriminazioak prebenitzeko zirimiria" sortu nahi dute.
Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak eta Andrea Ruiz eta Xabier Aierdi ZAS! Zurrumurruen Aurkako Euskal Sareko kideek kanpaina berria aurkeztu dute Donostian. Azaldu dutenez, webgune berriak modu erakargarri eta intuitiboagoan plazaratuko ditu sarearen hiru lan-ardatzak: dibulgazio-ardatza, diskurtso-ardatza eta prestakuntza-ardatza.
Webgune berriaren helburua herritarrek "eduki horiek bere egin ditzaten eta zurrumurruen aurkako eragile gisa duten estrategiarekin bat egin dezaten" beharrezkoak diren materialak eta ekitaldien albisteak eskaintzea da.
"Usteak, ustel!" saila nabarmentzen da bertan, hainbat arlotako adituri egindako 14 elkarrizketa bildu dituena, migrazioarekin eta zurrumurruekin lotutako ohiko zalantzei erantzuteko.
Halaber, Aldundiaren eta ZAS! sarearen arteko lankidetza datozen egunetan gauzatuko da. Hamar infografia argitaratuko dira sare sozialetan, honako gai hauetan zentratuta: generoa, hezkuntza, babesa, bakarrik dauden adingabeak, zurrumurruak desegiteko komunikazio-trebetasunak, arrazismoa, migrazioa eta errealitate soziodemografikoa.
Bestalde, ZAS!-eko ordezkariek azaldu dutenez, zurrumurruen aurkako estrategia sare sozialetatik haratago garatzen ari dira. 2020an egindako jardueren artean, sareak "genero-islamofobia" eta "adierazpen-askatasuna eta gorroto-diskurtsoak" ardatz dituzten solasaldiak egiten jarraitu du.
Prestakuntzari dagokionez, sarea akordio batera iritsi da Tokikom euskarazko tokiko komunikabideen sarearekin, eta bi mintegi egin ditu, komunikabideen alorreko 13 profesional datuen testuinguruaren eta informazio-tratamenduaren inguruan trebatzeko.
"Desberdintasunei muga jartzea"
Gambraren hitzetan, Gipuzkoako gizartea "irekia eta solidarioa da, eta aniztasunarekiko errespetua" agertzen du. Gainera, bi erakundeek "desberdintasunei muga jartzeko" konpromisoa dutela gehitu du. Gizarte gisa, guztion artean korronte xenofoboen aurrean euste-horma bat eraiki behar dugu, pertsona guztiak aukera-berdintasunean bizi ahal izateko testuinguru bat sortuz, generoa, sexu-orientazioa, jatorria eta sinesmenak kontuan hartu gabe", azpimarratu du.