Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroak otsailaren 25era arte luzatu ditu covid-19aren aurkako neurriak

Hori horrela, itxita egongo dira taberna eta jatetxeen barrualdeak, eremu pribatuko bilkurek mugatuta jarraitzen dute, eta ezingo da erkidegotik irten edo sartu.

Taberna baten barrualdea, itxita, Nafarroan. Argazkia: Efe
Taberna baten barrualdea, itxita, Nafarroan. Argazkia: Efe
Taberna baten barrualdea, itxita, Nafarroan. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak otsailaren 25era arte, egun hori barne, luzatu ditu covid-19aren aurkako neurriak, eta itxita egongo dira taberna eta jatetxeen barrualdeak, eremu pribatuko bilkurek mugatuta jarraitzen dute, eta ezingo da erkidegotik irten edo sartu.

Era berean, bere horretan jarraituko dute dendetako eta bestelako jardueretako edukiera mugak eta 23:00etatik 06:00etara arteko etxeratzeko aginduak.

Aste honetan berritu behar ziren neurriak, eta Gobernuak luzatzea erabaki du egoera epidemiologikoan oinarrituta, prentsa-ohar batean adierazi duenez, helburua birusaren aurkako neurrien eragina egonkortzea dela gaineratu aurretik.

Azken datu eguneraketaren arabera, Nafarroan intzidentzia 432,6koa da 100.000 biztanleko azken 14 egunetan, eta 196,5ekoa azken astean. Ospitalean 180 pertsona daude, eta horietatik 31, ZIUn.

Ospitaleen eta epidemiaren egoera kontuan izanda, Nafarroako Gobernuak aipatu du onera egin duela egoerak, baina "oso arrisku altua" dagoela oraindik, eta prebentzio eta babes neurriei eutsi behar zaiela aurreko asteko joerari eusteko.

Neurriak

Ostalaritzari eta merkataritzari lotutako neurriak Osasun kontseilariaren foru aginduan agertzen dira, eta lurraldeko eta gaueko mugikortasunari lotutakoak, eta bilkurei dagokiena, presidentearen dekretu batek zehazten ditu. Lehenengoa hilaren 11n amaitu behar zen; bigarrena, 15ean.

Ostegunean, otsailaren 11n, argitaratuko dituzte neurriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta bertan egongo da jasota ostalaritza establezimenduen barrualdean kontsumitzeko debekua, eta terrazak % 100ean egongo direla zabalik.

Salbuetsita egongo dira hoteletako eta bestelako aterpeetako jangelak, eta otorduak eman ahal izango dizkiete bezeroei.

Ospitaleetako, enpresetako, izaera sozialeko edo hezkuntza zentroetako jangelak ere irekita egongo dira.

Gainera, garraiolariei jaten eman ahalko diete establezimendu barruan errepideko jatetxeek.

Merkataritzari dagokionez, % 50ekoa izango da edukiera txikizkakoen kasuan, eta merkataritza guneetan % 30ekoa, jarduera erlijiosoetan bezalaxe.

Era berean, aldaketarik ez hezkuntza zentroetan eta adinekoentzako egoitzetan, kultur eta kirol jardueretan, garraioan, edo gastronomia elkarteetan.

Era berean, bizikideak soilik elkartu ahalko dira eremu pribatuko bilkuretan, Foru Erkidegoak perimetralki itxita jarraituko du, eta etxeratzeko agindua egongo da 23:00etatik 06:00etara.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea