Gizartea -
Otsailean
Egunero Bilbo-Madril lau hegaldi jarriko ditu martxan EasyJetek
Zerbitzu berriarekin Bilboko aireportuaren aldeko "apustua" berretsi du konpainiak. Helburua negozio bidaiariak erakartzea dela azaldu dute enpresako buruzagiek.
Erredakzioa
Egunero Bilbo-Madril lau hegaldi jarriko ditu martxan EasyJet airelineak otsailean, 19 euroko salneurrian. Helburua negozio bidaiariak erakartzea izango dela azaldu du konpainiak komunikatu batean.
Javier Gandara EasyJeteko zuzendari nagusiak (Espainian eta Portugal) adierazi duenez, zerbitzu berriarekin Bilboko aireportuaren aldeko "apustua" berretsi du konpainiak. "EasyJet airelinea oportunista ez dela argi geratu da, geratzeko heldu delako, izan ere, 2011n hiru ibilbide berri zabaldu ditu Bilbon (Manchester, Erroma eta Geneva)".
Negozio bidaiaria erakartzeko helburuarekin, EasyJetek aireportu nagusietara hegan egingo du, "euskal enpresaburuek Espainiako hiriburuan biltzeko malgutasun handia izan dezaten, arrazoizko prezio baten truke ordurik aproposenean bueltatuz".
Bilbo-Madril hegaldiak 06:45; 08:30; 16:10 eta 19:30ean izango dira astelehenetik ostiralera. Bien bitartean, larunbatetan 07:17 eta 14:45ean abiatuko dira, eta igandeetan 08:30, 16:10 eta 19:30ean.
Madril-Bilbao itzultzeko ordutegiak hurrengoak izango dira: astelehenetik ostiralera, 07:00, 14:10, 18:00 eta 21:10ean. Larunbatetan hegaldiak 12:55 eta 18:00etan izango dira, eta igandeetan 14:10, 18:00 eta 21:10 abiatuko dira.
Jon Gangoiti Bilbao Air-eko zuzendari nagusiaren hitzetan, EasyJetek Loiuren alde egindako "apustua baieztatzen" du zerbitzuak. Bilbo-Madril ibilbideak hegazkin zirkulazio handia ekartzen du Bizkaiko aireportura, 800.000 bidaiari baino gehiago iaz.