Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Infernuak inguratzen zaituenean

Indarkeria matxistaren kontrako Nazioarteko Egunak arazo horren kontra oraindik asko dagoela egiteko gogoratuko du gaur.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna da gaur. Argazkia: EITB
Emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna da gaur.
Genero indarkeriaren lekukotasun ozena

02:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunen erakusgarri krudelenaren kontrako eguna. Horren harira, eragile sozialek, erakundeek eta herritarrek indarkeria mota horren eta desberdintasunen kontrako borrokan bide asko dagoela egiteko aldarrikatuko dute.

2010ean 4.200 salaketa baino gehiago jarri zituzten indarkeria matxistarengatik EAEn. Datu kezkagarrienak gazteek ematen dituzte, izan ere, erasoak jasan dituztenen hirutik batek 30 urte baino gutxiago ditu.

Pentsa zitekeenaren kontra, beraz, belaunaldi berrien etorrerak ez du indarkeria matxista desagerraraziko. Adibide bat jartze aldera, gazteen % 80k uste du gizon-emakumeek osatzen dituzten bikoteetan emakumea izan behar dela gizonari gustua eman behar diona, Emakume Aurrerakoien Federazioak egindako ikerketa soziologiko batean agertzen denez.

Aurten 54 emakumezko hil dituzte jada Espainian haien bikotekide edo bikotekide ohiek. Iazko datuaren aldean hobexeagoa bada ere (iaz garai berean 65 ziren hildako emakumezkoak), erakundeek eta elkarteek berretsi dute adi segitu behar dela eta gizarteak elkar hartuta egin behar zaiela aurre jarrera sexista horiei.

Emakundek indarkeria matxista gaitzesten duela erakusteko deia egin dio "gizarte osoari" eta berdintasun politikak "gaitza amaitzeko ezinbesteko tresnak" direla azpimarratu du. Emakunderentzat "behar-beharrezkoak" dira mobilizazioa eta pentsakera aldaketa.

Gainera, indarkeriaren jatorria "emakumezkoen eta gizonezkoen desberdintasunean" dagoela gogorarazi du, eta berdintasunerako hezkuntza eskolara ez mugatzeko deia egin du, izan ere, "familia eta komunikabideak ere sozializaziorako eragileak dira".

Tratu txarrak salatzeko telefono zenbakia: 016. Doakoa da eta ez da telefono fakturan agertzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea