Gizartea -

Epaiketa

Justiziari oztopoak jarri izana egotzita epaituko dute gaur Cabezudo, laugarrenez

Ertzaintza ikerketarako frogak bilatzen ari zela zerbitzari informatiko batetik hainbat irudi ezabatu zituelakoan epaituko dute gaurko honetan argazkilari donostiarra.

Cabezudoren biktimen aldeko elkarretaratzea Donostian. Argazkia: EFE
Cabezudoren biktimen aldeko elkarretaratzea Donostian
Cabezudoren biktimen aldeko elkarretaratzea Donostian. Argazkia: EFE

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kote Cabezudo argazkilari donostiarra hainbat sexu delitu eta iruzurrengatik ari dira epaitzen. Auzi ezberdinetan dago nahastuta Cabezudo, hogei bat modelori iruzur egiteagatik, besteak beste. Gaur bertan, laugarrenez eseriko da aulkian; kasu honetan, ustez justiziari oztopoak jarri izanagatik.

Hain zuzen ere, 47 deliturengatik auzipetu zuten Cabezudo 2013an; berarekin lan egiten zuten modeloen sexu askatasuna urratzen zuten delituak, horietako asko.

Halere, baditu auzi gehiago argitu gabe: desobedientzia delituengatik, biktimak behartzeagatik eta justiziari trabak jartzeagatik, adibidez.

Orain arte, hiru aldiz epaitu dute argazkilari donostiarra. Lehenengo epaiketan bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten lekuko baten argazki intimo bat sare sozialetara igotzeagatik.

Bigarrenean, berriz, bost hilabeteko espetxealdiarekin zigortu zuten, Justiziari modeloen kontratu faltsuak bidaltzeagatik, eta hirugarrenagatik zortzi hilabeteko zigorra eskatu zuten haren aurka gazte baten argazki erotiko bat sare sozial batera igotzeagatik (oraindik ez dute epaia eman).

Gaurkoan, baina, Ertzaintza ikerketarako frogak bilatzen ari zela, zerbitzari informatiko batetik hainbat irudi ezabatu zituelakoan epaituko dute.

Datozen hilabeteetan beste bi aldiz eseriko da akusatuen aulkian. Martxorako deitutako bistan urtebeteko kartzela zigorra ezar liezaiokete, epaileak biktima baten irudiak bere webgunetik kentzeko emandako aginduari jaramonik ez egiteagatik.

Apirilean izango da seigarren epaiketa. Agintarienganako desobedientzia delitu batek eramango du orduan epaitegietara, ez omen zituelako biktimetako baten argazkiak eta bideoak internetetik kendu, horretarako agindua zeukan arren.

Martuteneko presondegian dago Cabezudo 2018ko maiatzaren 4tik. Epaitegi batek behin-behineko espetxealdia ezarri zion orduan, eta geroago Gipuzkoako Auzitegiak zigorra luzatu zion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak