Gizartea -

Gabonetako Loteria

Galduta zeuden Gabonetako Loteriaren 400 dezimo itzuli dituzte Bilbon

Bilbo Historikoa elkarteak San Frantsizko kalean duen lokal batean entregatu dituzte dezimo hauek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Entrega jaso duen elkarteak azaldu duenez, kalean aurkitu ostean, pertsona batek sobre baten barruan 8.000 euroko balioa duten 400 dezimo loteria itzuli ditu gaur.

"Bilbo Historikoa" elkarteak San Frantzizko kalean duen lokal batean entregatu dituzte dezimo hauek. Elkarte honek Bizkaiko hiriburuko auzoak dinamizatzea helburu duen ekintzak antolatzen ditu.

Bertako kideek azaldu dutenez marokoar jatorriko gazte bat izan da dezimoak itzuli dituena. 10:30 aldera lokalean agertu eta sobre bat entregatu die bertan zeudenei, eta horren ostean izenik eman gabe joan da.

Behin gertatutakoaz ohartuta, elkarteko kideak gazte hori aurkitzen saiatu dira, baina ez dute beraien helburua lortu.

Horrez gain, aurkitutako dezimo horien jatorriaz konturatu ostean, San Frantzizko Xabier enparantzan dagoen loteria administraziora deitu dute, eta bertan dezimoak galdu dituen bezeroa Bilbo Historikoa elkarteko egoitzatik pasako dela jakinarazi diete.

"Hunkituta"

Bilbo Historikoa elkarteko Ana Reka koordinatzaileak azaldu du asko "hunkitu" diela gertakari honek, eta orain billeteen jabea noiz pasatuko den zain daudela.

Oraindik ez dakite loteria billeteak itzuli dituen gaztearen nortasuna, baina jabeak berreskuratu arte "leku seguru" batean gorde dituztela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea