Gizartea -

Mediterraneoa

102 migratzaileak Sizilian lehorreratzeko baimena eman dio Italiak 'Aita Mari'ri

Euskal erreskate ontzia Augustako portura goizeko lehen orduan helduko dela iragarri du SMH gobernuz kanpoko erakundeak.

EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
'Aita Mari' Siziliarantz abiatu da 102 migratzaile ontzian direla

0:42

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiralean erreskatatutako 102 pertsona migratzaileak Sizilia uharteko Augusta portuan lehorreratzeko baimena eman dio gaur Italiak Aita Mari euskal ontziari, SMH gobernuz kanpoko erakundeak sare sozialetan iragarri duenez. Erreskate ontzia portura goizeko lehen orduan helduko dela uste du gobernuz kanpoko erakundeak.

"Atzo itsas zabalean aurrera eramandako bi laguntza operazioen ostean, erreskatatutako 102 pertsonak lehorreratzeko toki segurua eskatu dugu", jakitera eman du gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean. Euskal ontziak Italiari eta Maltari laguntza eskatu die, baina azkenak portua zabaltzea ukatu dio.

Ostiralean Aita Mari-k bi ontzi aurkitu zituen Mediterraneoan, Libiatik 180 bat kilometrora eta Lampedusatik 100 kilometrora. Aurreneko ontziko migratzaileak, 102 pertsona, ontziratu zituzten.

Bigarren erreskate operazioan, ostera, itsasontziaren edukiera gainditzeko arriskuaren aurrean, Italiari eta Maltari laguntza eskatu zioten. Aita Mari-k 124 pertsonarentzako gaitasuna du, tripulazioa barne.

Erantzuna jaso bitartean, Aita Mari-ko tripulazioak migratzaileen segurtasuna bermatu zuen. Horretarako, salbamendu-jakak, ura eta janaria banatu zituen. Ondoren, erantzunaren zain, 46 pertsona horiek Lampedusarantz nabigatzen jarraitzea erabaki zuten.

Naufragoek "tortura zantzuak dituzte: tiroak oinetan, erredurak eta hausturak"

Erreskatatutako 102 pertsonen artean, 94 gizonezko daude, horietatik 57 adingabeak. Gutxienez hamazortzi 16 urtetik beherakoak dira, eta beste 39 16-18 adin tartean daude. Gainera, zazpi emakumezko daude ontzian, horietako bi haurdun, 17 eta 50 urtekoak, eta 9 hilabeteko neskatxa bat.

Naufragoak "oso ahul daude", ohartarazi du gobernuz kanpoko erakundeak. "Arropa lehorrak, mantak eta jatekoa banatu genien, bidaiaren ostean indarrak berritzeko. Mutil bat klinikan geratu da, hipotermia sintomak dituelako eta erregaiaren lurruna arnastu duelako", tripulazioak azaldu duenez.

"Ontziaren ipurdian zihoala uste dugu, eta bidaia baldintza horietan eginez gero, hiltzeko aukera handiak zituen. Gainerakoek tortura zantzuak dituzte: tiroak oinetan, erredurak eta hausturak", erantsi du.

"Itsasoan migratzen ari diren pertsonen salbamenduan Europaren esku hartzea eskatzeko aprobetxatu nahi du SMHk. Ezin daiteke gobernuz kanpoko erakundeen eta gizartearen erantzukizuna izan. Gainera, krisi larri eta iraunkor honi heltzeko bide politiko bakarra migraziorako bide legalak eta korridore humanitarioak sortzea dela agerian geratu da", planteatu du gobernuz kanpoko erakundeak oharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Europa Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Errefuxiatuak Malta Gobernuz Kanpoko Erakundeak Aita Mari Zer gertatzen ari da Mediterraneoan?