Gizartea -
Sexu abusuak
Gizon bat espetxeratu dute Iruñerrian 13 urteko alabaordeari sexu abusuak egiteagatik
16 urtez azpiko adingabe baten aurkako sexu delitua egotzi dio epaileak. Indarkeriarik ezean, 8 eta 12 urte bitarteko espetxe zigorra ezar liezaiokete, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren arabera.
EiTB MEDIA
13 urteko alabaordeari sexu abusuak egiteagatik ikerketapean dagoen gizon bati fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdi komunikatua ezarri zion iragan otsailaren 17n Iruñeko instrukzioko 5. epaitegia zuzentzen duen epaileak. Auzipetua bikotekidearekin eta haren alabarekin bizi den Iruñerrian.
Hain zuzen ere, 16 urtez azpiko adingabe baten aurkako sexu delitu jarraitua egotzi dio epaileak gizon horri. Epaiari, baina, helegitea aurkez diezaioke auzipetuak.
Indarkeriarik ezean, 8 eta 12 urte bitarteko espetxe zigorra ezar liezaiokete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.
Epailearen aurrera eraman ostean, Iruñeko Guardiako Epaitegian erabaki zituzten haren aurka hartu beharreko neurriak. Ministerio Fiskalak fidantzarik gabeko espetxealdia eskatu zuen orduan. Auzipetuaren abokatuak, berriz, aske uztea galdegin zuen.
Epaian jaso dutenez, "delitu zantzuak" atzeman dituzte adingabeak polizia-etxean egindako adierazpenetan, haren amari egindako galdeketan eta neskatoa artatu zuten sendagileen eta forentsearen lekukotasunean.
Aitaordeak, Justizia Auzitegiaren arabera, aitortu egin zuen alabaordeak 12 urte zituenetik sexu harremanak izan zituela harekin. Alabaina, neskatoak horretarako baimena eman ziola esan zuen deklarazioan.
Dena dela, ikerketak dirauen bitartean gizona kartzelan egoteko beharra azpimarratu du epaileak, hari leporatutako delituen garrantziagatik, besteak beste. Halaber, biktima babeste aldera hartu du erabakia kasua daraman epaileak.