Gizartea -

Nafarroa

Ikerketa bide guztiak daude zabalik Berako sutearen jatorriaren harira

Oraingoz ezin izan dute argitu nahita piztutako sutea izan den ala ez, baina geroz eta indar handiagoa du hipotesi horrek.

Suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuetako langileak. Argazkia: Xabier Urteaga
Suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuetako langileak
Abian da 1.800 hektarea kiskali zituen sutea nola piztu zen argitzeko ikerketa

1:16

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beran asteburuan piztutako suteak 1.800 hektarea kiskali ditu Nafarroan, Gipuzkoan eta Lapurdin. Oraindik, baina, argitu gabe dute sute handi horren jatorria, eta Foruzaingoak zabalik duen ikerketan bide guztiak ari dira aztertzen. Dena den, oraingoz ezin izan dute argitu nahita piztutako sutea izan den ala ez, baina geroz eta indar handiagoa du hipotesi horrek.

Ustez sutea piztu zen lekuan bertan hasi dute ikerketa, eta horretan lanean buru-belarri dabilen lantaldeak komunikabideei esan die frogak bilatzen ari direla, atestatua osatze aldera.

Aldi berean, suak inguruko bordetan eragindako kalteekin lotutako salaketak ari dira kudeatzen, baita zonalde horretan hildako animaliekin zerikusia duten salaketak ere. Asmoa da, era berean, Ingurumen adituekin elkarlanean, naturan suteak eragin dituen kalteak zenbatzea. Bien bitartean, kiskalitako inguruak arakatzen ari dira, suak erre duen hektarea kopuru zehatza ezagutzeko.

N-121-A errepidetik (Iruñea-Behobia) belztuta ikusten da paisaia, eta behin ibilgailutik aterata erre usaiak agerian uzten du duela egun batzuk bertan gertatutakoa.

Berako harrobi zaharretik gertu omen dago sutearen jatorria, dena den ez da abiapuntu bakarra, Lesakatik hurbil beste bat atzeman baitute, eta baliteke "gehiago ere egotea", esan du Ingurumen ikerketa taldeko buru David Miqueleizek. Haren esanetan, "bi puntu horiek erakusten dute gizakiaren eskuak egon litezkeela sutearen atzean".

"Badirudi ez direla une berean piztu, horietako batek lehenago hartu baitu indarra, baina ikusiko dugu pertsona bera ote den bi suteen erantzulea", azaldu du. Lehen ondorio horietara iristeko, ikerketan bertan eta zenbait argazkitan oinarritu dira.

Lehen puntu horretan, mendiaren magalean lan zaila du egiteko ikerketa taldeak, Mikel Santamaria Foruzaingoaren Komunikazio arduradunaren hitzetan.

Sua guztiz itzali duten arte, ez diote ikerketari hasiera eman. Orain, ostera, lurretik zein airetik ari dira gertatutakoa aztertzen. Lehenengo urratsak omen dira sutea non eta zein ordutan piztu zen jakitea, eta une hartako baldintza meteorologikoak aztertzea.

Ikerketak zein bide hartzen duen ikusi bitartean, argi dagoen bakarra da "sute handia" izan zela. Horrekin batera, ikerketan lanean ari direnek esan dute ez dela ingurumen delitu bat, talde segurtasuna kolokan jartzen duen delitu bat baizik, eta ingurumenari eragindako kaltea larrigarritzat erantsiko lukete kasu honetan.

Sutea nahita eragindakoa izan zela ondorioztatzen badute, beste larrigarri asko egon litezke tartean.

Gipuzkoak udaberrian aztertuko ditu suteak eragindako kalteak

Gipuzkoako Aldundiak ziurtatu du udaberrira arte itxaron beharko dutela iragan asteburuko suteak eragindako kalteen neurri zehatza jakiteko. 400 hektarea inguru kiskali zituen lurralde historiko horretan, baina sutea "oso azkarra" izan zenez, litekeena da kasuan kasu suak zuhaitzen erroa kaltetu ez izana.

Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak Donostian egindako agerraldian azaldu du "pare bat hilabete" barru ezagutuko dutela sute horrek zenbaterainoko kaltea eragin duen. Azken hamarkadan Gipuzkoan izan den suterik larriena da aipatutakoa.

Mendozak, halaber, eskerrak eman nahi izan dizkie sua itzaltzeko lanetan aritu ziren langile guztiei, erakutsitako "profesionaltasunagatik eta koordinazioagatik".

Une honetan Mendi eta Ingurumen teknikariak kaltetutako zonaldea aztertzen dabiltza, sugarrek utzitako kalteak neurtzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Nafarroa Iparraldea Suteak Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Lapurdi