Gizartea -

Murrizketak EHUn

Ikasle eta sindikatuek protestak egin ditzakete EHUko murrizketengatik

Elkarte hauek "unibertsitate publikoan inbertitzea inoiz baino garrantzitsuagoa" dela ohartarazi dute, eta horretarako aurrekontuak igotzea eskatu dute, "gutxienez europar batez bestekora arte".

EHUk Bilbon duen egoitza. Eitb
EHUk Bilbon duen egoitza. Eitb

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru ikasle elkartek zein EHUn ordezkaritza duten sei sindikatuk 2012rako  hezkuntza-aurrekontuetan iragarri dituzten murrizketak errefusatu dituzte, eta ez dute baztertu mobilizazioak antolatzeko aukera.

Unibertsitateko Ikasle Abertzaleak, Ikasle Kontseilua eta Lurgorrik eta baita ELA, CCOO, STEE-EILAS, LAB, UGT eta CSI-CSIFek komunikatu bat hedatu dute gaur non unibertsitatearen aurrekontu proiektua eta Eusko Jaurlaritzarena "norabide beretik" joango ote direnaren beldurra azaldu duten. Elkarte hauek "unibertsitate publikoan inbertitzea inoiz baino garrantzitsuagoa" dela ohartarazi dute, eta horretarako aurrekontuak igotzea eskatu dute, "gutxienez europar batez bestekora arte".

Behar adinazko finantziaketa orekatu bat eskatu dute, unibertsitateko azpiegiturak hobetzea, euskalduntze prozesua mantentzea, "garraio publiko duin eta ikasle-egoitza nahikoak" ziurtatzea, beken kantitatea igotzea, titulazioak ez ezabatzea eta titulu berrien ezarpena ez atzeratzea helburu dutelarik.

Aurrekontu partehartzaileak

Horrez gain, unibertsitateko langileen lan-eskubideak ez murrizteko eskatu dute, eta horretarako gaur egun dagoen lanerako Hitzarmen Erregulatzailea errespetatzea eskatu dute.

Bukatzeko, unibertsitateak aurrekontu partehartzaileak egin ditzan eskatu dute, eta helburu hori lortzeko Hezkuntza Sailarekin eta Errektoretzarekin batzarrak egiteko asmoa dute. Ikasle zein sindikatuek ez dute baztertu mobilizazioak egiteko aukera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea