Gizartea -

Auzitegi Gorena

33 urteko zigorra, Bilboko ikastetxe batean zazpi neskatori sexu-abusuak egiteagatik

Ingeles eta euskara eskolak ematen zituen 2014an. Irakasle akusatuaren kasazio helegitea atzera bota du Gorenak.

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko ikastetxe bateko irakasleari 33 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Auzitegi Gorenak, 7 eta 9 urte arteko zazpi neskatori sexu-abusuak egiteagatik. Zigortuak ingeles eta euskara eskolak ematen zituen 2014an.

Otsailaren 3ko ebazpenean, Goreneko gai penaletarako aretoak akusatuaren kasazio helegitea atzera bota du. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hartutako erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Roman izeneko irakasleak. Lurralde Auzitegiak Bilboko 6. Instrukzio Epaitegiaren sententzia berretsi zuen.

Epaiaren arabera, Bilboko ikastetxeak zigortua ordezko ingeles irakasle bezala kontratatu zuen 2014-2015 ikasturtean, irakasle titularrak baja hartu ondoren.

2014ko irailaren 10etik urriaren 9ra eskolak eman zituen bitartean, bere sexu gosea asetzeko beharrak bultzatuta eta zalantzak argitzeko adingabeek hurbiltzea eskatzen zutela aprobetxatuta, irakasleak zazpi neskatilari ukituak egin zizkien, horietako seiri hezkuntza zentroan bertan, eta zazpigarrenari euskara eskola partikularretan, biktimaren etxean.

33 urteko kartzela-zigorraz gain, 10 urteetan zehar adingabeengana 500 metro baino gutxiagora hurbiltzea debekatu dio Gorenak; eta inhabilitazio berezia ezarri dio, hau da, delitu bakoitzeko (zazpi delitu) hiru urtez gaitasungabetu du, 12 urtez beherakoen irakasle izateko.

Epaiak azaldu duenez, irakasleak neskatoen sexu-organoak ukitzen zituen barruko arropen azpitik, baita hankak eta bularrak ere, eskola ematen zien bitartean.

Esan bezala, zigortuaren kasazio helegitea atzera bota du Gorenak. Lurralde Auzitegiak ahozko epaiketan aurkeztutako frogak modu egokian neurtu zituela uste du Gorenak, adingabeen esplorazioa eta akusatuaren adierazpenak barne. Erantsi duenez, neskatoen kontakizuna “sendoa izan zen, baita gainerakoek adierazitakoarekin alderatuta ere”; izan ere, guztiek irakaslearen antzeko jokabideak azaldu zituzten.

Gainera, beste ikaskide batzuek, nahiz eta akusatuaren abusurik ez jasan, “biktimen kontakizuna erabat baieztatu zuten” ahozko epaiketan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Auzitegi Gorena Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sexu erasoak Irakasleen albisteak gaur