Gizartea -

Memoria historikoa

Nafarroak 1936ko kolpean erbesteratutako 1.200 herritarren errolda osatu du

Gainera, Memoriaren Institutuak ikerketa bat egin du altxamendu militarraren ondoren Foru Erkidegoan izan zen mugen kontrolaren inguruan, desklasifikatu berri dituzten dokumentuetan oinarrituta.

36ko kolpearen ostean erbesteratutako nafarren erroldaren aurkezpena. Argazkia: Efe
36ko kolpearen ostean erbesteratutako nafarren erroldaren aurkezpena. Argazkia: Efe
36ko kolpearen ostean erbesteratutako nafarren erroldaren aurkezpena. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Memoria Institutuaren bidez, 1936ko kolpe militarraren ondorioz erbesteratu zituzten 1.200 herritarren errolda osatu du, eta ikerketa bat egin du Foru Erkidegoan izan zen mugen kontrolaren inguruan, desklasifikatu berri dituzten dokumentuetan oinarrituta.

Bi ikerketen berri eman du gaur Ana Ollo Herritarren Harremanerako kontseilariak prentsaurreko batean, Josemi Gaston Memoriaren Institutuko zuzendaria, Josu Chueca erroldaren egilea, eta Gutmaro Gomez Bravo mugen kontrolari buruzko txostenaren egilea aldamenena zituela.

"Nafarroak giza kapital baliotsua galdu zuen, eta ez gara horren jabe izan", adierazi du kontseilariak, "1936ko kolpe militarraren eta ondorengo gerraren ondorio larri eta sakonenetako bat" erbestea izan zela azpimarratu aurretik.

Hori horrela, institutuak errolda bat osatu du Josu Chueca ikerlariari esker, eta 1936ko kolpe militarraren ostean erbesteratutako 1.200 herritarren izenak jaso dituzte, eta zerrenda ikusgai dago Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren webgunean.

Kontseilariak azaldu duenez, erroldaren "helburua da 1936an erbestera joan behar izan zuten herritar guztiak aipatzea, Nafarroan jaio, Nafarroan lan egin edo politikan jardun zuten guztiak".

Chuecaren esanetan, erbesteak izen propioak ditu, Manuel de Irujorena adibidez, baina ihes egin behar izan zuten politikari askoz gain, "mila pertsona baino gehiago daude erbestera joan zirenak, familiatik kanpo ezezagunak zirenak".

Gizonezkoen kasuan informazio handia dagoela azaldu du Chuecak, "kontzentrazio esparruetan" egon zirelako, baina emakume eta haurren kasuan ez dago informaziorik, edo nahasia da.

Bai egileak bai Gobernuaren ordezkariak argitu dute erroldak behin behinekoak direla dokumentazio faltaren ondorioz, eta herritarrei dei egin diete jakinaraz ditzatela akatsak edo eman dezatela informazioa erbesteratutako nafarren inguruan.

Mugen kontrola

Nafarroako Memoriaren Insitutuak 1936an Nafarroako mugan ezarri zen kontrolari buruzko txosten bat ere argitaratu du, Gutmaro Gomez Bravok dokumentazio militarrean oinarrituta osatu duena.

Txostenaren egilearen arabera, Espainiako Defentsa Ministerioak 2018an desklasifikatu zuen dokumentazioa aztertu zuen Arabako Artxibo Militarrean.

"Nafarroa altxatu zirenen kontrolpean egon den lurraldea da hasieratik", adierazi du. Era berean, "37tik aurrera informazio zerbitzu frankistak Pirinioen ingurua eta mugak kontrolatzen" aritu zirela eta horietako asko erbesteratu taldeetan sartu zirela gogorarazi du.

Armadaren informazio zerbitzuek herritar itxurarekin egiten zutela lan, eta "kontrainformazio eta espioitza lana" egiten zutela "Pirinioetako ezkutuko ibilbideak egiten zituztenen" eta herri mugakideetako herritarren jarraipena eginez azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Memoria Historikoa