Gizartea -

Gasteizen

Tokomotxoaren iruzur kasuak atzeman direla ohartarazi du Ertzaintzak

Gasteizen tokomotxoaren eta estanpatxoaren biktimak izan direnen salaketak jaso ditu Ertzaintzak azken asteetan. Ondorioz, zuhurtziaz aritzeko eskaera egin dute agintariek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tokomotxoaren eta estanpatxoaren iruzurren zenbait biktimak eman direla Gasteizen azken asteetan ohartarazi du Ertzaintzak. Herrizaingo Sailak ohar baten bidez zabaldu duenez, iragan azaroaren 28an, gizonezko bat Andre Maria Zuriaren plazatik zihoan emakume batengana joan zen, eta loterian 30.000 euro egokitu zitzaizkiola baina, pasaportea galduta zuela eta, horiek kobratzeko zer egin behar zuen ez zekiela esan zion.

Beste emakume bat hurbildu zitzaion orduan (aurrekoaren konplizea), eta laguntza eskaini zien; gizonezkoak, orduan, 5.000 euro eskaini zizkien bi emakumezkoei, laguntzaren truke.

Iruzurgilearen konplizeak telefono deia egin zuen orduan, eta loteria billetea kobratzeko 10.000 euroko bermea behar zela adierazi ziotela esan zuen. Biktimak 1.400 euro bakarrik eskuratu ahal zuela esan zien, eta konplizea ados agertu zen eta gainerako diru guztia berak lortuko zuela esan zion.

Banku batera lagundu zion, aipatutako diru kopurua ateratzera, eta ondoren, emakumezko iruzurgileak bien dirua poltsa batean sartzeko plantak egin zituen eta biktimari eman zion. Jarraian, diru gehiagoren bila joan behar zuela eta billete sariduna zuen gizon harekin berriro elkartzeko adostu zuten tabernan itxaroteko eskatu zion. Ostalaritza establezimenduan, baina, ez zen inor agertu, eta emakume ezezagun hark eman zion poltsan paper zatiak bakarrik zeuden.

Biharamunean, azaroaren 29an, antzeko iruzur bat egin zuten Zabalgana aldean. Kasu honetan, iruzurraren biktima adineko gizon bat izan zen; 3.000 euro eta erloju bat kendu zizkioten horrela. Iruzurgileak, berriz, bi gizonezko izan ziren; horietako batek ONCEren zortzi kupoi zituen, eta 160 milioi euroko saria omen zuten.

Azaroaren 21ean, adineko emakume baten salaketa jaso zuten Ertzaintzaren egoitza batean, estanpatxoen edo iruditxoen iruzurraren biktima izan omen zelako.

Gasteiz etorbidetik zihoala, gizonezko bat hurbildu zitzaion eta tren-geltokian gutun-azal bat aurkitu zuela eta barruan billete-sorta bat zegoela kontatu zion. Handik gutxira, bikote bat hurbildu zitzaien eta, gertatutakoaren berri jasotakoan, gizonari billete-sorta haren trukean euretako bakoitzak 2.000 euro ematea proposatu zioten.

Emakumezkoak diru-kopuru hori atera zuen sukurtsal batetik, eta bikote horri eman zion. Ondoren, kotxetik jaisteko eskatu zioten, erosketa txiki bat egiteko mandatuarekin, eta, enkargua egitetik itzuli zenerako, bikotea alde eginda zegoen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea