Gizartea -
LAN-GATAZKA
Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileek "prekarietatearen pandemia" salatu dute
Aste honetarako aurreikusitako lau greba egunetatik lehena da. Manifestazioa goizean egin dute Donostian.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gipuzkoako eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek manifestazioa egin dute astelehen honetan Donostiako kaleetan zehar, euren lan-baldintzei eragiten dien "prekarietatearen pandemia" salatzeko. Aste honetarako aurreikusitako lau greba egunetatik lehena da gaurkoa.
ELA, LAB eta UGT sindikatuek antolatu dute protesta, eta kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Ane Alberdi ELAko arduradunak sektore honetan lan egiten dutenen lan-baldintzak kritikatu ditu; izan ere, ia beti "kontratu partzialak" dituzten emakumeek osatzen dute.
Alberdik gogorarazi duenez, langile horiek konfinamenduko hilabeterik gogorrenetan ere lanean jardun zuten egoitzak, supermerkatuak, osasun-klinika pribatuak, lantegiak edo garraio publikoa garbitzen, zenbait kasutan, "babesik gabe".
Halaber, "oinarrizko zerbitzu" horretako langileek "% 28ko soldata-arrakala" pairatzen dutela salatu du. Alberdiren hitzetan, "kale garbitzaileek 5000 euro gehiago kobratzen dituzte urtean". Soldata-arrakala hori ezabatzea da, hain justu, hitzarmena negoziatzerako orduan sindikatuen aldarrikapen nagusietako bat.
Alberdik patronalaren jarrera kritikatu du; izan ere 2019rako eta 2020rako % 0ko igoera planteatu zuen eta "bajen osagarriak kendu eta antzinatasunak murrizteko mehatxua" egin zuen, EPIetan egindako "inbertsio handia" argudiatuta.
Babes neurri horiek "non" dauden galdetu du Alberdik, lantokietara ez baitira iritsi.
Sektoreko langileek greba egiten jarraituko dute datorren ostegunera arte, eta gaur manifestazioa egin dute Donostiako erdiguneko kaleetan, "Soldata arrakalari ez. Garbiketako pandemia: prekarietatea" lemapean.
Ehun bat lagunek hartu dute parte protestan. Parte hartzaileek erratzak eta fregonak eraman dituzte, euren aldarrikapenekin paskinak bota dituzte eta "non dago, ez da ikusten gure soldata hilabete amaieran" oihukatu dute.