Gizartea -

Mugikortasuna

Bizikleta elektrikoen sistema publikoa ezarriko dute Iruñean udazkenean

Sakelakorako aplikazioa eskainiko du sistemak, baita bi tarifa eredu ere, harpidedunei zein aldizkako erabiltzaileei zuzenduak.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Ride-on enpresaren esku utzi du udazkenean hiriburuan martxan jarriko den bizikleta elektrikoen sistema publikoaren kudeaketa. Ekimena larrialdi klimatikoaren aurkako borrokarako gaiak barne hartzen dituen "Go Green Pamplona" proiektuaren baitan kokatu da.

Hiri osoan zehar 42 aparkaleku jartzea aurreikusten du proiektuak, hasieran martxan jarriko diren lehen 400 bizikleta elektrikoei zerbitzua emateko. Sistemak sakelakorako aplikazioa ere eskainiko du, eta bi erabiltzaile profili zuzenduta: harpidedunei (hilean 15 euro edo urtean 40 ordainduko dute) eta aldizkakoei.

Bateriak kargatzeko puntuak aukeratzeko garaian, hiriburuan zehar banatu dituzte, eta herritarrentzako erakargarri izan daitezkeen tokietan ere jarriko dituzte. Irisgarritasuna, intermodalitatea eta segurtasuna ere izan dituzte kontuan horiek hautatzeko, erabiltzaileei eta geltokiei eurei begira.

Tarifa bat erabilera bakoitzeko

Zerbitzu hau etorkizuneko ohiko erabiltzaileentzat irisgarri eta erakargarriago egiteko, bi profil pentsatu dira. Harpidedunek hilean 15 euro edo urtean 40 ordaindu beharko dituzte. Bata zein bestea aukeratu, harpidedunek noizbehinkako erabiltzaileek baino tarifa ekonomikoagoak izango dituzte minutuko.

- Harpidedunak: minutuko 2,5 zentimo ordainduko dute ordu erditik behera erabiliz gero; minutuko 4 zentimo, ordu erdi eta ordubete artean erabiltzearen truke; eta minutuko 10 zentimo, ordubete baino gehiago erabili badu. Beraz, ordu erdirako alokatuz gero, 75 zentimo ordaindu beharko dituzte, eta 1,20 euro, ordubetera luzatuz gero.

- Aldizkako erabiltzaileak: Txartel birtual baten edo euro bateko txartel fisikoaren artean aukeratu ahalko dute zerbitzua erabiltzeko. Bizikleta alokatzearen truke, minutuko 4 zentimo ordaindu beharko dituzte, ordu erditik behera erabiliz gero; minutuko 6 zentimo, ordu erdi eta ordubete artean erabili badu; eta minutuko 10 zentimo, ordubete baino gehiago alokatzearen truke. Hau da, ordu erdiz erabiltzeko, 1,20 euro ordaindu beharko dituzte harpidetuta ez dauden erabiltzaileek, eta 1,80 euro, ordubeterako alokatuz gero.

Sistema urte osoan zehar egongo da martxan 24 orduz, sanferminetan izan ezik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Albisteak Nafarroa Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Euskadiko bidegorriak