Gizartea -

EUSKARA

Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko ekimena aurkeztu dute

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, besteak beste, 'Arnasa gara' ekimenaren kanpaina aurkeztu dute, herritarren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitera gonbidatzen duen kanpaina.

Etxarri Aranatzen aurkeztu dute ekimena. Argazkia: arnasagara.eus.
Herritarren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitera gonbidatzen duen kanpainaren aurkezpena
"Arnasa gara" ekimenak arnasguneetako hizkuntza ohituren kontzientzia piztu nahi du

1:24

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Etxarri Aranazko Udalak (Nafarroa) 'Arnasa gara' ekimenaren kanpaina berria aurkeztu dute ostegun honetan. Euskararentzat arnasguneak diren udalerriak zein haietako herritarrak ahalduntzea eta dagokien aitortza egiteko helburua du ekimenak.

Etxarri Aranazko udaletxean egin da aurkezpena, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano eta Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon.

Ekimen berriarekin, arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia ere nabarmendu nahi dute. Horretarako, udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneetan hizkuntza ohiturei lotutako zortzi egoera landu dituzte zortzi bideo-esketxetan, hau da, gai bakoitzeko bideo bat.

Hala, bideo bakoitzak egoera bat irudikatzen du eta kanpainaren asmoa da egoera horien inguruko sentsibilizazio lanketa bat egitea sare sozialen bidez. Besteak beste, arnasguneetako pertsona erreferenteei elkarrizketak egingo zaizkie (aktore, musikari, kirolari), gaiaren inguruan hausnartzeko. Kanpainak zortzi aste iraungo ditu, martxoaren 22tik maiatzaren 16ra bitarte, eta aste bakoitzean gai bat izango du hizpide.

Esan bezala, kanpainaren euskarri nagusia zortzi bideo labur dira (minutu batekoa bakoitza), eta esketx erara bertan lantzen diren diskurtsoak, batez ere, arnasgune edo eremu oso euskaldunetako herritarrei zuzenduta daude. Dena den, 'Arnasa Gara' ekimenak arnasguneetatik kanpo bizi direnengana iristeko asmoa ere badu, arnasguneen errealitatearen ezagutza eta herri horiek euskararen biziraupenean duten garrantzia azpimarratzeko eta aitortzeko.

Kanpaina dinamikoa izango da, batez ere sare sozialen bidez garatuko delako eta herritarren elkarrekintza sustatzea izango duelako xede. Bide horretan, astero zozketak egingo dira kanpainan zehar sare sozialetan aurkeztuko diren edukiak gertutik jarraituko dituztenen artean.

Kanpaina amaitu ondoren jarraipena izango du 'Arnasa Gara' ekimenak, UEMAko kide diren herrietan zortzi bideoak aurkeztu eta hausnarketa saioak ere egingo dituztelako tailer formatuan. Era berean, UEMAko kide diren udalerrietako eskoletan lantzen duten hezkuntza proiektuaren baitan ere erabiliko dituzte aurrerantzean bideoak, soziolinguistika edukiak eta hizkuntza ekologia eskoletan lantzeko prestatuta dituzten unitate didaktikoetan.

Elkarlana

Bingen Zupiriak nabarmendu egin du hizkuntza politikaren arloan erakunde desberdinen artean ematen den lankidetza. Gainera, adierazi duenez, "arnasguneei euskararen biziberritze prozesuan duten garrantzia eman eta zaintzen jarraitu nahi duen programa bat da" ostegun honetan aurkezturiko ekimena.

Bere hitzetan, Euskararen Agenda Estrategikoan ezarrita dagoen modura, Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren egitekoetako bat da, "euskara ohiko hizkuntza izango duten arnasgune eta funtzioak zaindu, indartu eta hedatzea, euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bermatzeko eta erreferentzialtasun soziala indartzeko".

"Azken batean, helburua ez baita euskararen ezagutza zabaltzea, besterik gabe, baizik eta euskal hiztunak sortzea. Eta helburu hori erdiesteko bidea da guretzat programa hau", gaineratu du.

Halaber, Ana Ollok ziurtatu du Nafarroako Gobernuak arnasguneek duten garrantzia azpimarratzea eta euskal komunitatea indartzea duela xede. "Neurri batean, denok baitugu gure hizkuntza jokaera aztertzeko eta dugun jokabideaz kontziente izateko beharra", zehaztu du.

Azkenik, Iraitz Lazkanoren hitzetan, "arnasguneen aitortza eta arnasguneak sendotzea UEMAren izaeraren oinarrian dagoen zerbait da", eta, beraz, 'Arnasa gara' kanpaina "bereziki garrantzitsua" da UEMArentzat. "UEMAk urte askoan esan eta aldarrikatu duena gaur egun hainbat erakunde publikok ere onartzen eta zabaltzen dutela ikustea ederra da", esan du.

'Arnasa gara'

Euskararen arnasguneak hizkuntzaren biziberritzean zein garrantzitsuak diren nabarmentzeko, 'Arnasa gara' kanpaina abiatu zuten duela bi urte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Euskarabideak, Euskararen Erakunde Publikoak eta UEMAk. Hainbat herritan egindako aurkezpen ekitaldiez gain, 'Kartzela' websaila izan zen euskarri nagusia.

Bi helburu eta fase izan zituen orduan kanpainak. Batetik, arnasguneetako biztanleek kontzientzia hartzea, eta bestetik, gainerako euskal herritarrek ere jakitea arnasguneak babestea eta hedatzea euskararen normalizaziorako ezinbestekoa dela.

Aurten ere ikus-entzunezko edukiak landu dituzte, sare sozialen bidez zabaltzeko. Hiru Damatxok ekoitzi ditu zortzi bideoak, eta Iametza arduratu da komunikazio kanpainaz. Orain arteko edukiak arnasagara.eus webgunean daude eskura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Albisteak Gaur Etxarri-Aranatz bideoak Eguneko albisteak