Gizartea -

Trafiko istripua

Pertsona bat hil da N-1ean, Lasarte-Orian, ibilgailua errepidetik irten ostean

Trafiko istripua 19:00etan gertatu da N-1 errepidean, Gasteizko noranzkoan. Autoak erdibitzailearen kontra jo du. Hildakoa legazpiarra zen, eta 60 urte zituen.

Istripu larria Lasarte-Orian (Gipuzkoa). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Istripu larria Lasarte-Orian (Gipuzkoa). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Legazpiko bizilagun bat hil da Lasarte-Orian gertatutako istripu batean

0:49

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat hil da N-1 errepidean, trafiko istripuan, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), bere ibilgailua errepidetik irten eta erdibitzailearen kontra jota. Legazpiarra zen eta 60 urte zituen.

Hildako pertsona ibilgailuko gidaria zen, eta berarekin zihoan laguna zauritu egin da.

Istripua 19:00etan izan da N-1ean, Gasteizko noranzkoan.

Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin gizonaren bizitza salbatzeko.

Ezbeharraren ondorioz bi noranzkoetako ezkerreko erreiak itxi behar izan dituzte. Peugeot 307 autoa Lasarte-Oriatik N-1errepidera sartu denean gertatu da istripua. Ibilgailua errepidetik atera da, eta erdibitzailearen aurka talka egin du.

Ertzaintza, osasun langileak eta suhiltzaileak bertaratu dira, eta autoan zihoazen bi bidaiariak (gizon eta emakume bat) artatu dituzte.

Biak erreskatatu ondoren, gizona suspertzen saiatu dira, biktima konorterik gabe baitzegoen, baina ezbeharra izan den tokian bertan hil da.

Emakumea, aldiz, onik atera da, baina antsietate-atakea izan du, eta tokian bertan artatu behar izan dute.

Bi noranzkoetako ezkerreko erreiak itxi behar izan dituzte errepidea garbitzeko eta autoa kentzeko. Ondorioz, auto-ilarak sortu dira.

Biktimaren gorpua Donostiako Auzitegiko Medikuntza Zerbitzura eraman dute, epailearen aginduz, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren arrazoiak argitzeko.

Bestalde, txirrindulari bat oso larri zauritu da N-634 errepidean, Aian (Gipuzkoa), auto batek harrapatuta. Ford Fiesta autoko gidaria "alkoholaren eraginpean gidatzeagatik ikertzen ari dira". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Lasarte-Oria Albisteak Legazpi N-1 Errepideko istripuetan zauritutakoak