Gizartea -
Zorigaiztoko data al da?
Asteartea, 13: Twitter ere sineskerietan murgildu da
13 zenbakiaren beldur direnek euren beldurrak eta sineskeriak islatu dituzte sare sozialetan. Gaztelaniazko esaera zahar batek dioenez, gaurko egunean ez da komeni ez ezkontzea ezta ontziratzea ere.
Erredakzioa
“Asteartea, hilak 13” 'trending topic' da Twitterren, eta erabiltzaileek egun horren inguruan dituzten beldurrak, sineskeriak, mitoak, eta abarrak islatu dituzte sare sozialean. Espainiako, Greziako eta Hego Amerikako zenbait herrialdetako sineskeria-bildumen arabera, hilaren 13a asteartea denean ez da komeni ez ezkontzea ezta ontziratzea ere.
Beste erabiltzaile batzuek, berriz, zenbaki horren sinbologia hartu dute hizpide. "Munduaren amaierarako atzera kontaketa izango ote da?", galdetu dio batek bere buruari. Gainera, umorea ere sarri erabili dute gaurko egunean.
Gauzak horrela, herritar gehienentzat gaurko eguna atzokoa edo biharkoa bezalakoa izango da, baina triskaidekafobikoak, 13 zenbakiari beldur arrazionala diotenak, larri izango dira. Hitz hori greziera klasikotik dator, 'triscaideca' (hamahiru) eta 'phobos' (fobia, beldurra) hitzetatik. Gainera, hilaren 13a asteartea izatearen beldur direnei trezidabomartifobiko esaten zaie.
Izan ere, 13 zenbakiak harreman estua du hainbat gertakari historikorekin; Jesu Kristoren azken afarian, esaterako, 13 gonbidatu izan ziren. Hortik aurrera, zorigaiztoko zenbakitzat hartu dute zenbaitek.
Hilaren 13an, ez moztu ez ilea ez azazkalak
Ondorioz, egun honekin lotutako sineskeria asko oso sustraituta daude: etxean 13 gonbidatu ez izatea, egun horretan ilea eta azazkalak ez moztea, edo, artisten kasuan, hilaren 13an eszenatokietara ez igotzea. Sineskeriak haratago heldu dira: hotel askok zenbaki hori saihestu dute eta, logelei zenbakia jartzeko orduan, 12tik 14ra salto egiten dute.
Zenbaki horrek zorte ona dakarrela uste duen jendea ere badago. Horregatik, zorizko jokoetan gehien erabiltzen den zifra da. Bakoitzak erabaki dezala: hilak 13 dituen astearte honetan etxean giltzapetuta geratu edo egunari aurre egin, itsasontzi batean ezkonduz esaterako.