Gizartea -

Immigrazioa

Immigrazioaren inguruko Itun berria egin nahi du Eusko Jaurlaritzak

Itun berriaren arabera, oinarrizko eskubide, betebehar eta askatasunak bizilekuaren arabera baldintzatuko dira, eta ez bertokoa edo kanpotarra izatearen arabera, orain arte egin den bezala.

Almeriako itsasertzera heldutako saharar emakumea. Efe
Almeriako itsasertzera heldutako saharar emakumea. Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren ekimenez egin berri den Immigrazioaren inguruko Itun Sozialaren arabera, oinarrizko eskubide, betebehar eta askatasunak bizilekuaren arabera baldintzatuko dira, eta ez bertokoa edo kanpotarra izatearen arabera, orain arte egin den bezala.

Gemma Zabaleta Gizarte Laguntzako sailburuak gaur aurkeztu du dokumentua, gizarte eragileen aurrean Bilbon eginiko agerraldian. Horrez gain, behin betiko egingo den agirian bertaratutakoen ekarpenak kontuan hartzeko, gaurtik udaberrira arte iraungo duen eztabaida fasea jarri du martxan.

“Askotariko” Euskadi batean bizi garela eta oinarri horretatik abiatu behar dugula zehazten duen dokumentua Daniel Innerarity Gizarte Filosofiako katedradunak eta Imanol Zubero EHUko irakasle eta Soziologiako doktoreak buru izan dituen talde batek egin du. Txostenaren aurkezpenean, Gemma Zabaletak 2010eko ikerketa bat ekarri du gogora. Ikerlan horretan, hamar etorkinetik bederatzik gutxienez hurrengo bost urteetan berton geratu nahi zutela egiaztatzen zen, eta behin-behineko gertakaritzat geneukana "gizarte errealitatea" zela esaten zen.

Horregatik, "harrera egitean baino gehiago”, erakundeen ahalegina "gizarteratzean" oinarritu behar dela uste du sailburuak, etorkinak "salbuespenera zigortu barik", Legeek talde horren iraunkortasun nahia bermatu behar dutela gaineratu du.

"Normaltasun ideia bat"

Imanol Zuberok dokumentuak immigrazioarekiko "normaltasun ideia bat" bultzatu nahi duela azpimaratu du. "Nahi edo ez, Euskadi berri bat eraikitzen ari gara herri honetan bizi garen guztion artean", esan du.

Aipagarria da dokumentuak ez duela neurri zehatzik azaltzen, hausnarketa egiteko landutako txostena baita. Immigrazioaren inguruko ituna ez ezik, Euskadirentzat eginiko itun soziala dela nabarmendu nahi izan dute bukaeran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea