Gizartea -

Hilketa Tenerifen

Tenerifen hilda aurkitutako umeen amak hil egin zituela aitortu du

Ama medikuen kontrolpean dago eta lasaigarriak hartzen ari da, "beraz itxaron egin beharko da, deklarazioa behar den bezala hartzeko".

Hilda aurkitutako ume bat eramaten ari ziren momentuko argazkia. Efe
Hilda aurkitutako ume bat eramaten ari ziren momentuko argazkia. Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Tenerifen hilda aurkitutako bi umeen amak hil egin zituela esan du. Informazio hori José Antonio Batista Gobernuak lurralde horretan duen ordezkariordeak jakinarazi du, nahiz eta autopsia egin arte "tentuz jokatzea" eskatu duen.

Adierazpen horiek hildakoen omenez egindako minutu bateko isilunearen ostean egin ditu hedabideen aurrean. Isilunea Santa Cruzeko Udalak antolatu du, atzo hilda aurkitutako 11 eta 5 urteko umeak omentzeko asmoz.

Gobernuaren ordezkariordeak azaldu duenez, Polizia Zientifikoa familiaren etxean lanean ari da, Vistabella auzoko Primero de Armenia kalean. Horrez gain datu gehiago eman ditu, adibidez, umeen aita eta ama Poliziaren zaintzapean ospitaleraturik daudela.

"Daukan balioa du"

Ospitaleratuta egoteak oraindik adierazpen polizialik ez hartzera behartzen du, eta ikerketa poliziala "lehenengo urratsak ematen ari da", beraz "oraindik asko egiteke" dagoela azpimarratu du José Antonio Batistak. Datu horrez gain, kasuan garrantzitsua gerta daitekeen informazio bat eman du jakitera, lehenengo udaltzainak etxera heldu zirenean, amak semeen hilketa bere buruari egotzi ziola kontatu baitu delegatuordeak.

Ama medikuen kontrolpean dago eta lasaigarriak hartzen ari da, "beraz itxaron egin beharko da, deklarazioa behar den bezala hartzeko". Esamesa horrek "daukan balioa dauka", eta oraindik "lan handia" dauka Poliziak egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea