Gizartea -
Abenduak 21
Bilboko San Tomas azokak 300 postu bilduko ditu
Guztira, 151 ekoizlek parte hartuko dute aurtengo azokan, iaz baino sei gehiagok.
Erredakzioa
Bilboko San Tomas Azokak 300 postu bilduko ditu, aurten, eta guztira, 151 ekoizlek parte hartuko dute, iaz baino sei gehiagok. Postu gehienak Areatzean eta Plaza Berrian kokatuko dituzte. Aurten, sari banaketa hilaren 26ean egingo dute ekoizleei festa berezia egin nahi baitiete.
Azokaren aurkezpen ekitaldian, Manu Gonzalez BBK antolatzaileko Gizarte Ekintzaren ordezkariak aurten 64. Nekazaritza Azoka antolatu dutela azaldu du eta Bilboko Metroak azokaren egunerako deitu duen grebarekin arduratuta daudela esan du.
Gonzalezek azaldu duenez, goizeko hamarretan emango diote hasiera ofiziala azokari eta, lehen aldiz, Plaza Berrira Correo kaletik sartzeko aukera izango dute herritarrek. Haurtzaindegiak 350 zerbitzu eskainiko ditu 10:00etatik 18:00etara eta ume bakoitza, gehienez, bi orduz utzi ahal izango dute.
Azokan parte hartuko duten ekoizleek eskainiko dituzten produktuen artean animalia biziak (2 postu), barazkiak (29), ogia eta euskal pastela (17), gaztak (23), landareak eta loreak (4), fruituak (3), eztia (8), hestebeteak (20), kontserbak (11), txakolia eta sagardoa (21), txosnak (7), produktu ekologikoak (13), bidezko merkataritza (5) eta esnekiak (1).