Gizartea -

"Benetakoa zirudien"

Plastikozko oin batek Valladolideko Polizia engainatu du

Zubi baten azpian tibia bat eta oin bat agertu dira, eta poliziei eta suhiltzaileei "gorpuzkiak" zirela iruditu zaie. Baina plastikozkoak ziren, "medikuntza-ikasleek erabiltzen dituztenen antzekoak".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Plastikozko oin oso batek eta tibia zati batek Valladolideko Polizia eta suhiltzaileak nahastu dituzte larunbat honetan. Hondakinak hiriko Zubi Nagusiaren zutabe baten ondoan begiztatu dituzte, eta, hasiera batean, pertsona baten gorpuzkiak zirela iruditu zaie.

Valladolideko suhiltzaileen iturrien arabera, gertaera larunbateko 11:54ean izan da, aipatutako zubian gorpuzki batzuk zeudela esan dietenean: tibia zati bat eta oin oso bat, "bere tartso, metatartso eta falange guztiekin". Ustezko gorpuzkiak bi metroko distantzian ikus zitezkeen, zubiko barandatik, eta humanoak ziruditen.

Suhiltzaileak eta Polizia Nazionaleko agenteak bertara joan dira, Valadolideko hirigunean, eta "benetako gorpuzkiak" iruditu zaizkie.

Ondoren, plastikozkoak zirela baieztatu dute, "medikuntza-ikasleek erabiltzen dituztenen antzekoak", baina "benetakoen itxura zuten".

"Inuzenteen Eguna aurreratu egin zaigu", esan dute iturri berberek. Normala denez, aurkikuntzaren inguruan abiatutako ikerketak ikusmin eta jakinmin handia sortu du hiriko biztanleengan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea