Gizartea -
Trafikoa
Pertsona bat zauritu da A8an, Trapagaran parean, istripu bategatik
Kamioi batek eta auto batek talka egin dute Kantabriarako noranzkoan, eta ilara luzeak sortu dira lau erreietatik hiru itxi behar izan dituztelako.
E. G. | EITB MEDIA
Pertsona bat zauritu da gaur goizean A-8 autobidean, Trapagaran parean (Bizkaia) eta Kantabriarako noranzkoan, kamioi batek eta auto batek talka egin ostean, Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Iturrion arabera, ezbeharra 07:40an jazo da autobideko 125. kilometroan. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, hormigoi-kamioi batek eta auto batek istripua izan dute. Kolpearen ondorioz, autoaren gidaria zauritu da, eta ospitalera eraman dute.
Autobidearen lau erreetatik hiru itxi behar izan dituzte, eta ilara luzeak sortu dira Kantabriarako bidean, Arrontegiko zubiaren irteeraraino heldu direnak.
09:15erako zirkulazioa ohikoa zen inguru horretan, Trafiko Zuzendaritzak baieztatu duenez.