Gizartea -

Rambouillet, Paristik gertu

Frantzia polizia baten hilketa eraso terrorista gisara ikertzen ari da

Gertakariak Rambouilleteko polizia-etxean jazo dira. Poliziak 36 urteko erasotzaile tunisiarra hil du. Frantziara 2009an iritsi zen, eta fitxatu barik zegoen.

Rambouillet, Paristik 45 bat kilometro hego-mendebaldera. Irudia: AFP: AFP
Rambouillet, Paristik 45 bat kilometro hego-mendebaldera. Irudia: AFP
Rambouillet, Paristik 45 bat kilometro hego-mendebaldera. Irudia: AFP: AFP

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paristik gertu, emakumezko polizia baten hilketa ikertzen ari da Terrorismoaren Aurkako Fiskaltza Nazionala. Polizia sastatu dute, eta handik gutxira hil egin da.

Iturri judizialek jakitera eman dutenez, erakunde terrorista batek polizia hil du, eta ikerketa abiatu dute.

Gertakariak Rambouilleteko polizia-etxean jazo dira, hiriburutik 45 bat kilometro hego-mendebaldera. Poliziak erasotzaile tunisiarra hil du.

France Info irratiak zehaztu duenez, erasotzaileak 36 urte zituen, 2009an heldu zen Frantziara eta inteligentzia zerbitzuek ez zuten fitxaturik.

BFM TV telebistak erantsi duenez, estatura “legez kanpo” sartu zen, 2019an bere egoera arautu zuen eta banatzaile ari zen lanean.

Jean Castex lehen ministroa Rambouilletera joan da. Frantziak “eguneroko heroi bat galdu berri du ekintza basati eta koldar batean”, salatu du Twitter sare sozialean bertaratu baino lehen.

Rambouillet Yvelines departamenduan dago, Magnanville bezala. Azken horretan, 2016ko ekainean, gizon batek bi polizia arma zuriarekin hil zituen etxebizitza batean, eta ondoren segurtasun indarrek bera hil zuten.

Samuel Paty Bigarren Hezkuntzako irakasleari lepoa moztu zioten Yvelines departamenduan, iragan urriaren 16an, irakasleak Mahomaren irudi bat erakutsi ostean. Adierazpen askatasunaren edo birao eskubidearen inguruko eztabaida piztu zuen hilketak.

Gerald Darmanin Barne ministroa ere Rambouilletera gerturatu da. Lekua sokaz inguratu dute poliziek eta suhiltzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris Frantzia Gizartea Estatu Islamikoa Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron