Gizartea -
Lehiaren aurkako praktikak
Zehapen-espedientea ireki diete Gipuzkoako bi ehorztetxeri
Lehiaren Euskal Agintaritza tanatorioko eta errausketa-labeko zerbitzuen tokiko merkatuan nagusitasun-egoeraren balizko abusua ikertzen ari da.
N. B. |EITB Media
Lehiaren Euskal Agintaritzak zehapen-espedientea ireki du Gipuzkoako ehorztetxeen sektoreko bi enpresaren aurka, lehiaren aurkako ustezko jardunbideengatik. Espediente horretan, tanatorio- eta errausketa-zerbitzuen tokiko merkatuan nagusitasun-posizioaren balizko abusu bat ikertzen ari da.
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailera atxikitako erakunde autonomoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, isilpeko informazioaren fasean bildutako informazioaren arabera, "legearen arau-hauste baten arrazoizko zantzuak daude", eta "debekatuta dago enpresa batek edo batzuek merkatuan duten nagusitasun-egoera gehiegikeriaz ustiatzea", horren esanetan.
"Une honetan, enpresak Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren erabakiaren zain daude, Memora taldearen aldetik egindako eskuratzea dela eta", azaldu du Lehiaren Euskal Agintaritzak.
Hala ere, Agintaritzak argitu duenez, "espediente horri hasiera emateak ez du ikerketaren azken emaitza aurrez ebazten". "Espedientea hastea eragin duten arrazoizko zantzuak eta zehazten den kalifikazioa behin-behinekoak dira", gaineratu du.
Orain, instrukzioa egiteko eta ebazteko gehienez ere hemezortzi hilabetekoa izango den epea hasiko da.