Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Bost gizon atxilotu dituzte EAEn indarkeria matxista egotzita
Atxilotuei bikotekideei eraso izana edota urruntze agindua urratu izana leporatzen diete.
Erredakzioa
Ertzaintzaren agenteek bost gizonezko atxilotu dituzte Bilbon, Okendon (Araba), Donostian, Pasaian eta Irunen emakumeen kontrako indarkeria kasuak egotzita edota urruntze agindua urratzea leporatuta.
Astelehen goizaldeko 2:45ean, Ertzaintza Bilboko Somera kalera joan da etxe batean eraso bat izan zelako. Emakume batek ireki die atea ertzainei eta senarrarekin eztabaidan aritu dela eta jo egin duela esan die. Senarra, 29 urtekoa, etxean zegoen eta atxilotu egin dute; 2010ean ere atxilotu zuten emaztea jotzeagatik. Biktima Basurtuko Ospitalera eraman dute.
Gainera, 2:00ak aldera, Ertzaintza Okendo herri arabarrera joan da etxebizitza batean liskar bat gertatzen ari zelako. Bertara heltzean, emakume batek agenteei adierazi die senarrarekin eztabaidan aritu dela eta, eraso fisikorik jasan ez duen arren, beldur zelaa esan die. Ondorioz, ertzainek 40 urteko gizonezkoa atxilotu dute genero indarkeria delitua leporatuta.
Bestalde, igande arratsaldeko 18:10 aldera, Ertzaintzari jakinarazi diote bikote bat liskarrean ari zela Donostiako Amara auzoko Mendeurrenaren plazan. Bertara gerturatu zen patruilak bi lagunak aurkitu zituen eta emakumeak agenteei esan zien eztabaidan aritu zirela eta bikotekide ohiak jo egin zuela. Hori dela eta, 28 urteko gizonezkoa atxilotu egin zuten.
Halaber, igande gaueko 22:20 inguruan, gizon batek bere emazte ohiaren etxebizitzako atea gogor jo zuen barrura sartzeko asmoz Pasaian. Ertzaintzaren agenteek gizona atxilotu zuen, bikotekide ohiarekiko urruntze agindu bat zuelako indarrean.
Azkenik, antzeko gertaera bat izan zen gauerdi aldera Irunen. Bikotekidearekiko urruntze agindua zuen gizon bat emaztearen etxebizitzan agertu zen. Ertzainek etxe inguruan atxilotu zuten 46 urteko gizona.