Gizartea -

Iruzurra

Naturgasek ohartarazi du agente faltsuak dabiltzala azterketak egiten

Salatu dutenez, instalakuntzaren berrikusketa egitera joaten dira etxeetara eta 50 euro baino gehiago kobratzen dituzte. Kasu gehienak Gipuzkoan izan dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Naturgas Energia enpresak ohartarazi du agente faltsuak dabiltzala etxez etxe inolako baliorik ez duen instalakuntzaren berrikusketagatik 50 euro kobratzen.

Enpresak agiri batean azaldu duenez, bezeroak izan dira iruzurraren berri eman dutenak. Kasu gehienak Gipuzkoan gertatu omen dira.

Naturgaseko bezeroek emandako informazioaren arabera, gizonezko bat da iruzurgilea eta gasaren ikuskatzaile paperak egiten ditu, konpainiak egingo duen azterketaren aurreko berrikusketa egingo duela esanez.

Hornidura eteteko mehatxupean, agente faltsuak 50 euro kobratzen ditu inolako baliorik ez duen lan bat egiteagatik.

Naturgasek jakinarazi du bere langileak direla instalakuntzaren berrikuspen azterketak egiten dituztenak bost urtean behin. Gainera, horretaz aparte azterketarik ez dagoela egin beharrik azpimarratu du.

Naturgas bezeroarekin jartzen da harremanetan azterketa egiteko hitzordua jartzeko eta inoiz ez dute eskudirutan kobratzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea