Gizartea -
10 urteko balantzea
Behatokiak 'premiazko' neurriak eskatu ditu 'euskaraz bizitzeko'
Administrazio guztiek "sistematikoki" euskaldunen eskubideak "urratzen" dituztela salatu dute.
Erredakzioa
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ohartarazi du "premiazkoa" dela neurriak hartzea "euskaraz bizitzeko eskubidea" bermatu ahal izateko eta administrazio guztiek "sistematikoki" euskaldunen eskubideak "urratzen" dituztela salatu du.
Garbiñe Petriati Behatokiaren presidenteak esan du hamar urtetan ez dela aurrerapauso "esanguratsurik" eman euskararen erabilerari dagokionez, izan ere, Jaurlaritzak eta Nafarroako, Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute "urrats eraginkorrik" egin hizkuntz eskubideak bermatzeko.
Petriatik azaldu duenez, Iparraldean euskararen biziraupena bera dago arriskuan, "ikustezina" baita administrazioarentzat. Nafarroan, berriz, Foru Gobernuaren politikak euskararen "garapena galarazten" duela kritikatu du.
Espainiako Gobernuari dagokionez, Behatokiak salatu du "bere legea hausten" duela eta euskara "marjinatu" egiten duela administrazio elektronikoan.
Merkataritza eta ekonomia alorretan euskaraz jardun ahal izatearen inguruan, EAEn soilik aitortzen dela azpimarratu dute, baina hala ere, ez omen da "aldaketa nabarmenik" izan.
Hamar urteko ibilbidean, Behatokiak 9.514 espediente kudeatu ditu, horietako 8.536 kexak ziren, eta % 60 Nafarroatik eta Gipuzkoatik iritsitakoak.