Gizartea -
ikerketa aurreklinikoa
Covid-19aren eta gripearen aurkako txerto bateratuak emaitza positiboak agertu ditu
Txertoak ez darabil ARN mezulariaren teknologia, Pfizerrek eta Modernak bezala. Horren ordez, teknika tradizionalagoa erabiltzen du: koronabirusaren proteinak injektatzen ditu.
eitb media
AEBko Novavax konpainia farmazeutikoak iragarri duenez, covid-19aren eta urtaroko gripearen aurka garatutako txerto bateratuak emaitza "itxaropentsuak" izan ditu animaliekin egindako ikerketa aurreklinikoetan.
Enpresatik adierazi dutenez, produktuak gripearen zein koronabirusaren aurkako erantzun immunologiko sendoa garatu du, eta urtea amaitu baino lehen abiatuko dituzte horrekin ikerketa klinikoak.
Gregory M. Glenn Novavaxeko Ikerketa eta Garapenerako presidentearen hitzetan,"gripea arrisku esanguratsua da, oraindik, mundu-mailako osasun publikorako, eta erabilera anitzeko txerto eraginkorren beharra inoiz baino garrantzitsuagoa da".
Glennen arabera, gripearen eta covid-19aren aurkako txertoen bat-egitea "etorkizunerako tresna garrantzitsua izan daiteke epe luzera, arnasketaren birus kaltegarri horien aurka".
Novavaxen txertoak ez darabil ARN mezulariaren teknologia, Pfizerrek eta Modernak bezala. Horren ordez, teknika tradizionalagoa erabiltzen du: koronabirusaren proteinak injektatzen ditu, erantzun immunologikoa sortzeko.
Espainiako Zendal talde biofarmazeutikoaren Biofabri enpresa hautatu du konpainiak, Europar Batasunean bere txertoaren antigenoa ekoizteko.
Oraingoz, Novavaxek ez du premiazko erabilerarako baimenik eskatu eta, aurreikuspenen arabera, ekainean eskatuko luke, asko jota.