Gizartea -
KORONABIRUSA
Osakidetzak 16 urtetik gorako pertsonen % 40ri jarri die txertoen lehen dosia
Herritarren % 16 dagoeneko immunizatuta daude koronabirusaren aurka. Osasun sailburuak azaldu duenez, joan den astean Osakidetzak 148.846 txerto eman zituen.
EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko 16 urtetik gorako biztanleen % 40,1ek gutxienez koronabirusaren aurkako txertoaren dosi bat jaso dute, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astearte honetan jakitera eman duenez.
Gobernu Kontseiluaren ostean Gasteizen egindako agerraldi batean, Sagarduik nabarmendu du joan den astean Osakidetzak 148.846 txerto eman zituela, hau da, xede-biztanleriaren % 40,1ek dosi bat du, eta % 16,2k, berriz, immunitatea covid-19aren aurrean.
Astelehenean, Eusko Jaurlaritzak Pfizerren 91.260 dosi jaso zituen, eta aste honetan Janssenen 6.500 dosi jasotzea espero du, hasieran espero zutena baino gutxiago. Asteazken arratsaldean, gainera, AstraZenecaren 14.800 dosi iritsiko dira, baina oraingoz ez dute zehaztu Modernarenak helduko direnik.
Sailburuak azaldu duenez, Osakidetzak 60 eta 69 urte bitarteko pertsonen txertaketan jarriko du arreta aste honetan, eta txertoa jartzeko falta diren 70 urtetik gorako pertsonei txertoak ematen jarraituko dute. Txertoak eta txertaketa-agendan tokiak dauden heinean, 59 urtetik beherakoei deitzen diete. "Gure agendetako hutsune guztiak betetzea da helburua, hau da, azken dosira arte ematea", esan du.