Gizartea -

Gertakizuna

Hildako atxilotuaren sendiak salaketa aurkeztuko du Mossoen aurka

Gizonezkoak arnasteko arazoak izan zituen esku-burdinak jarri eta gero, eta ospitalean hil zen.

Gizonezkoak arnasteko arazoak izan zituen atxiloketaren unean eta azkenik, zendu zen. EITB
Polemika, Manresan atxilotutako gizon bat hil eta gero

01:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburu honetan Esquadra Mossoek atxilotu eta gero hil den gizonezkoaren sendiak salaketa aurkeztuko du Kataluniako Polizia autonomikoaren aurka, homizidioa egotzita.

Catalunya Informacio irrati-katearen arabera, hildakoaren bikotekideak iragarri du astelehen honetan jarriko duela salaketa, atxiloketa bortitza izan zelakoan.

Erantzun gisa, Manel Prat Esquadra Mossoen zuzendari nagusiak adirazi du atxiloketa egiteko prozedura "akatsgabea" izan zela.

Pratek atxilotutakoaren heriotza deitoratu du, baina ukatu egin du agenteek erabilitako indarkeriaren ondorio izatea. Gainera, gizona oso indartsua zela eta poliziei aurre egin ziela azaldu du: "Agente bati pistola kendu zion, mehatxu egin zien eta boterea zuela uste zuen".

Poliziaburuak jakinarazi du ofiziozko ikerketa abiatuko dutela, baina aurreratu du prozesuak iraun bitartean ez dutela agenterik zigortuko.

Semaforo batean identifikatuta

Agenteek semaforo baten parean ikusi zuten gizonezkoa, eta hark haren anaia zela esan bazien ere, identifikatu egin zuten. Pertsona "gatazkatsua" zenez, atxiki egin zuten polizia gehiago etorri ziren arte.

Atxilotuta zegoela jakinarazi ziotenean, gizonezkoak aurre egin zien, bati pistola kendu eta mehatxu egin zien. Guztiz geldiarazi zuten arte, bost agente zauritu zituen.

Esku-burdinak jarri eta gero, arazoak izan zituen arnas egiteko, eta ospitalera eraman zuten. Bertan hil zen, hainbat orduz koma eraginduan egon eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea