Gizartea -

Polizia-arrazakeria

Eragile sozialek Poliziaren arrazakeria salatu dute Legebiltzarrean

Agiri batean ohartarazi dute polizia-arrazakeria "estalita" dagoela, eta erakundeek, komunikabideek eta sindikatu polizialek arazo horren existentzia ukatu egin dutela salatu dute.

SOS Arrazakeria.
SOS Arrazakeria.
SOS Arrazakeria.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat eragile sozialek zuriak ez diren beste pertsonek jasaten duten polizia-arrazakeria salatu dute Eusko Legebiltzarrean. Hala, Ertzaintzak nahiz udaltzaingoek “estereotipo etniko edo erlijiosoetan oinarritutako identifikazio eta miaketa umiliagarriak” egiten dituztela kritikatu dute.

Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean ’M-29. Polizia-arrazakeriari Stop’ dokumentua aurkeztu dute SOS Arrazakeria eta Rights International Spain taldeek, besteak beste.

Iaz, Bilboko San Frantzisko auzoan izandako eraso arrazista bati egiten dio aipu izenburuak. Ertzainek gazte bat eta haren ama kolpatu zituzten, ustez konfinamendua urratzeagatik. Irudiak laster zabaldu ziren sare sozialen bidez, eta gertakariak zalaparta handia piztu zuen.

Biharamunean, martxoaren 30ean, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak gertatutakoa argitzeko ikerketa bat abiarazi zutela iragarri zuen. Alabaina, gaurko agerraldian SOS Arrazakeria Bizkaiko kideek esan dute ez dutela ikerketa horri buruzko inolako informaziorik.

Dokumentua sinatu duten taldeek azpimarratu dute premiazkoa dela polizia-arrazakeria salatzea, “estalita dagoelako eta erakundeek, komunikabideek eta sindikatu polizialek ukatu egiten dutelako”.

“Arrazakeria historian zehar inposatutako kontakizunen eta diskurtsoen bidez errotutako aurreiritzi eta estereotipoetan oinarritutako eraikuntza politikoa eta kultura da; eta egun, mundu mailako kolonialismo berria bultzatzen duten sistema ekonomikoen palanka da”, adierazi dute agirian.

Mundua hierarkikoki eraikita dagoela eta biztanleriaren zati bat gutxiegi egiten dela aipatzen dute. “Europan bizi diren migratzaileak kriminalizatu egiten dira jatorriagatik, azalaren koloreagatik, erlijioagatik edo etniagatik”.

Eta Euskal Herria ez da salbuespena, horien hitzetan. “Hemengo poliziek, arrazismoa instituzionalak babestuta, ez dituzte pertsona horien giza eskubideak eta berme legalak errespetatzen, pertsona guztiek tratu duina, indarkeriarik gabekoa eta ez-diskriminatzailea merezi badute ere”, salatu dute.

Horrela, bada, hemen ere “identifikazio eta miaketa arrazistak” izaten direla ohartarazi dute. “Pertsona asko beren ezaugarriengatik geldiarazten dituzte kalean, arrazoi objektiborik gabe”, erantsi dute.

Are gehiago, “kasu horietako askotan tratu umiliagarriak pairatzen dituzte, kalean nahiz etxeko atarian geldiarazita, eta eraso arrazistak ere sufritzen dituzte, ahozkoak nahiz fisikoak”, deitoratu dute.

Horrelako jarrera polizialak “legez kanpokoak” direla eta nazioarteko itunen bidez galarazita daudela gogoratu dute.

Horrez gain, pertsona zuri baten eta beste edozein arrazatako lagun baten arteko gatazka batean, “printzipioz, poliziek pertsona zuriaren alde egiten dute, bestea diskriminatuz eta aurretiaz akusatuz eta kondenatuz”, salatu dute.  

Migratzaileen establezimendu askok (dendak, jatetxeak edota lonjak) jasaten dituzten “presioei eta jazarpenari” buruz ere ohartarazi dute dokumentuan. “Balizko delitu baten aitzakiapean, jabeak nahiz bezeroak identifikatzen dituzte eta askotan tratu txarrak jasaten dituzte, ahozkoak nahiz fisikoak”, gaineratu dute. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak