Gizartea -

Koronabirusa

Epaileek Nafarroako neurriak baimendu dituzte, gurtzarako tokietako murrizketak salbu

Epaimahaiak ebatzi du ez dagoela justifikatuta santutegietako edukiera % 30ean mantentzea, beste sektore batzuetan % 50era igotzea erabaki dutenean, pandemiaren bilakaera ona dela argudiatuz.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak Nafarroako Gobernuak iragarritako neurri berriak baimendu ditu, gurtzarako eremuetan ezarri nahi zuen edukiera muga izan ezik, justifikatuta ez dagoela iritzita.

Pandemiaren bilakaerak hobera egin duela eta alarma-egoera amaitu dela kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak orain arteko neurri murriztaileak arindu ditu, sektore eta jarduera ezberdinetan edukierak handituz eta ordutegiak luzatuz.  

Neurriak ostiral honetan sartuko dira indarrean, eta, gutxienez, ekainaren 3a arte mantenduko dituzte.

Nafarroako Gobernuak gehienez zortzi pertsona eta hiru bizikidetza unitate biltzea gomendatzen du dekretu berrian. Epaileek esan dute neurri horrek ez duela baimen judizialik behar, aholku bat delako, ez agindu bat.

Gurtzarako eremuetan ezarritako % 30eko edukiera muga, berriz, atzera bota du. Epaimahaiak ebatzi duenez, ez dago justifikatuta santutegietako edukiera % 30ean mantentzea, beste sektore eta jarduera batzuetan % 50era igotzea erabaki dutenean, pandemiaren bilakaera ona dela argudiatuz.  

"Dekretuan eta harekin igorritako dokumentuetan ez dago neurri hori justifikatzen duen daturik, eta ez dute argudiorik ematen neurri horrek kutsatzeak ekiditeko izan dezakeen balizko eraginkortasunari buruz", dio autoak.  

Gainerako neurri guztiak, baina, berretsi egin ditu. Horrela, bada, hainbat jardueraren ordutegia 21:00etatik 22:00etara luzatuko dute, denden, igerilekuen edo liburutegien kasuan, adibidez.

Halaber, elkarte gastronomikoak, lagunarteen lokalak, bingoak eta jokorako aretoak berriro irekiko dituzte, % 30eko edukierarekin.

Horrez gain, dagoeneko indarrean dauden neurriei eutsiko zaie. Ostalaritzako establezimenduen barrualdea 22:00ak arte egon ahalko dira irekita, % 30eko edukierarekin eta CO2 neurgailuak jarrita. Terrazetan, berriz, edukiera % 100ekoa izan daiteke eta gehienez 01:00a arte egon ahalko dira zabalik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa Osasunbidea