Gizartea -
L'Hospitalet de Llobregaten
Emakume biluzien argazkiak modelo agentzia faltsu baten bidez
400 emakume baino gehiagorekin harremanetan jarri ostean, adingabeak barne, atxilotu egin dute. Biktimak Facebooken bidez engainiatu eta lortutako irudiak hedatzearekin mehatxatzen zituen atxilotuak.
Erredakzioa
Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du L'Hospitalet de Llobregaten, emakume biluzien argazkiak lortzeko modelo agentzia faltsu bat erabiltzea leporatuta, ikerketako iturrien arabera.
Sexu askatasunaren aurkako delitua egotzi diote gizonari, 400 emakume baino gehiagorekin harremanetan jarri ostean, adingabeak barne.
Ikerkuntza biktimetako batek salaketa jarri ondoren hasi zen. Atxilotuak modelo agentzia bi zituela esaten zuen eta profil faltsuak sortzen zituen Facebook sare sozialean, sinesgarritasuna emateko. Emakume gazteekin harremanetan jartzen zen, eta casting batean parte hartzea eta agentziaren argazki-liburuan sartzea eskaintzen zien.
Hori baino lehen, neskek webcam bidezko elkarrizketa bat gainditu behar zuten. Elkarrizketa horretan arropa kentzeko eskatzen zien gizonak agentziaren albumerako egokiak ziren egiaztatzeko, biluzik bukatzen zuten arte.
Biluzik zeuden argazkirik lortzekotan, kamera aurrean lizunkeriak egitera behartzen zituen, eta hala ez egitekotan, lortutako irudiak euren familia eta lagun artean hedatzearekin mehatxatu egiten zituen.
Guardia Zibilak atxilotuaren etxean egindako miaketan profil eta posta elektroniko faltsu ugari erabiltzen zituela aurkitu zuten, eta delitu hori aurrera eramateko trikimailu gehiago erabiltzen zituela susmatzen dute.