Gizartea -

Makrobotiloia

Lau atxilotu Azpeitian, 300 pertsonatik gorako botiloian

Ertzaintzaren arabera, hainbat gaztek harriak, botilak eta bengalak jaurti dizkiete agenteei.

Hainbat gazte, korrika, Azpeitian. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Hainbat gazte, korrika, Azpeitian
Ertzaintzak 300 eta 400 pertsona bitarteko botiloia desegin du Azpeitian

1:06

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur goizaldean, Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu Azpeitian, botiloi batean jazo diren istiluetan.

Gauerdi aldera, Etzaintzaren patruilak 300 eta 400 pertsona bitarteko talde bat topatu du Azpeitiko aparkaleku batean, alkohola edaten, musika altua eta bengalak piztuta zituztela. Bertan zeuden pertsonek Ertzaintza ikusi dutenean, harriak, botilak eta bengalak jaurti dizkiete patruilei, Ertzaintzaren iturrien esanetan.

Minutu batzuk geroago, beste patruila batzuk bertaratu dira, erasoak egin dituzten gazteak identifikatzeko eta botiloia desegiteko. Orduan, objektu gehiago jaurti dizkiete eta istiluak sortu dira. Segurtasun Sailaren datuen arabera, 19 urteko mutil bat atxilotu dute bertan, desordena publikoak eta agenteei eraso egin izana egotzita.

Ordu bata eta hogei aldera, 18 urteko mutil bat atxilotu dute Sanjuandegi inguruan, aurreko istiluetan parte hartu duelakoan. Istilu gehiago jazo dira orduan, eta Ertzaintzak beste bi gazte atzeman ditu, 14 eta 15 urtekoak.

Hiru ertzain zauritu dira istiluetan, eta lau atxilotuak aske utzi dituzte, beharrezko eginbideak bukatutakoan.

''Jazarpen polizialaren'' kontrako elkarretaratzea Azpeitian, gaueko istiluen harira
''Jazarpen polizialaren'' kontrako elkarretaratzea Azpeitian, gaueko istiluen harira
''Jazarpen polizialaren'' kontrako elkarretaratzea Azpeitian, gaueko istiluen harira

1:9

Elkarretaratzea

Hainbat herritarrek elkarretaratze batean parte hartu dute gaur Azpeitian, 18:30ean, herriko plazan. Ertzaintzaren "jarrera bortitza eta neurrigabea" salatu dute, "Jazarpen polizialik ez! Burgesiaren erasoaldia gelditu!" lelopean.

Azpeitiko EH Bilduk, bere aldetik, elkartasuna adierazi die "atxilotu eta jipoitu" zituztenei, eta "polizia eredua goitik behera" aldatu behar dela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Herriak eta Hiriak Azpeitia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak