Gizartea -
Kontzentrazioak
Sindikatuen protesta Bilbon igandean irekitzen dutenen aurka
ELAren eta UGTren arabera, dendek gaur egun duten asteroko 72 orduko ordutegia "nahikoa" da, eta "gizarteak ez du erosteko ordu gehiago behar, erosteko ahalmen gehiago baizik".
Erredakzioa
Euskal sindikatuek kontzentrazioak egingo dituzte Bilbon igandean irekitzen duten denden aurrean, neurri hori baztertu egiten baitute, "gizarteak ez duelako behar, salmentak igotzeko ez duelako balio, lanik ez duelako sortzen, eta azalera handien intereserako bakarrik delako ona".
ELAk, CCOOk, UGTk eta LABek deialdia egingo dute Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusian dagoen For dendaren aurrean, urtarrilaren 8an irekitzeko asmoa duela esan duen bakarra da oraingoz eta. Dena dela, norbait gehiagok irekitzekotan haren aurka protestatzera bertaratuko dira. "Madrilen lau egunekin hasi ziren, eta orain urteko 365 egunetan irekitzen dute, egunean 24 orduz", ohartarazi dute.
Marije Fernandez ELAko Merkataritza arduradunak eta Paula Garcia UGTkoak prentsaurrekoa eman dute Bilbon, dendek gaur egun duten asteroko 72 orduko ordutegia erosketak egiteko "nahikoa" dela azpimarratzeko. Halaber, igandeetan eta jaiegunetan irekitzeak ez duela "kontsumoa berpizten ez eta lana sortzen" gaineratu dute.
Krisiak eragindako gastu ahalmen murrizketa dela eta kontsumoa geldituta dagoela azaldu eta "gizarteak ez" duela "erosteko ordu gehiago behar, erosteko ahalmen gehiago baizik" ohartarazi du.