Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Bengoak 'gehiago ematen duten' erkidegoei ordaintzea proposatuko du
Erkidego hauek konpentsatzeko diru funts baten sormena proposatuko dio Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Lurralde arteko Osasun Kontseiluari. "Honekin, Euskadik irabaziko du", azpimarratu du.
Erredakzioa
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak larunbat honetan iragarri duenez, "jaso baino gehiago eskaintzen duten" autonomia erkidegoei ordaintzeko diru funts baten sortzeko proposamena eramango du datorren Lurralde arteko Osasun Kontseilura.
Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, horrelakoa da Euskadiren kasua, Osakidetzak Errioxako, Kantabriako, Nafarroako eta Gaztela eta Leoneko zenbait zonaldeko herritarrei osasun arreta eskaintzen dielako. "Ekimena aurrera ateratzen bada, Euskadik irabazi egingo du", azpimarratu du.
Errioxarekin sortu den gatazkaren inguruan, Bengoak jada arazoa konponduta dagoela esan du eta Eusko Jaurlaritzak ordain ekonomikoa ukatu zuela gogoratu du. Hala ere, erkidego horrek ez dituen zerbitzuen bitartez, " kontraprestazio eredu" bat bilatzen saiatuko direla adierazi du.
Nafarroako iparraldeko hainbat alkateren kexaz ere mintzatu da, izan ere EAE eta Nafarroaren artean arreta zerbitzuak aldatu direla salatu dute. Gatazka horrek Osakidetzarekin ez duela zerikusirik esan du, Donostiako Onkologikoak ematen dituen tratamenduekin baizik, eta zerbitzu pribatua dela gogoratu du.