Gizartea -
Bost hilabete zituen
Bikotekidearen haurra hiltzeagatik atxilotu dute Tarragonan
Hasiera batean, haurra ustekabeko asfixiaren ondorioz hil zela uste zuten, baina autopsiak bestelako ondorioak erakutsi ditu eta gizonezkoa atxilotzea erabaki dute.
Erredakzioa
34 urteko gizonezko bat atxilotu dute bikotekidearen 5 hileko haurra ustez hiltzeagatik, Esquadrako Mossoek Efe albiste agentziari aditzera emandakoaren arabera. Gertaera ostiralean izan zen, Tarragonako Valls udalerrian.
Mossoek adierazi dutenez, atxiloketa autopsiaren emaitzak jaso eta gero egin dute, haurra ez baita ustekabeko asfixiaren ondorioz hil, hasiera uste zuten bezala, eta kriminalitate zantzuak antzeman dituzte.
Gertaera ostiralean izan zen, 21:45ean, Esquadrako Mossoek eta Osasun Larrialdietako Zerbitzuek (SEM) dei bat jaso zutenean, Vallseko etxebizitza batean ume bat arnasik gabe zegoela esateko.
Etxebizitzara iritsi zirenean, osasun zerbitzuek ezin izan zuten haurra suspertu, eta heriotza ustekabeko asfixiaren ondorioz gertatu zela uste izan zuten.
Giza hilketa leporatzen diote Hala ere, autopsian kriminalitate zantzuak antzeman dituzte medikuek eta amaren bikotekidea atxilotu dute, Emilio C.C., 34 urtekoa, espainiarra eta Vallseko bizilaguna, giza hilketa leporatuta.
Mossoen iturrien arabera, atxilotua epailearen esku utziko dute igandean.