Gizartea -

Bizkaia

Zortzi gazte, tartean sei adingabe, atxilotu dituzte Gorlizen beste bat jotzeagatik

Borrokak eragin eta beste gazte batzuk jipoitzen zituen talde bateko kide izatea egotzi die Ertzaintzak. Kasurik larrienean, 15 urteko mutiko bat korderik gabe utzi zuten.

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak zortzi gazte, horietako sei adingabeak —16 eta 17 urtekoak—, atxilotu ditu azken orduetan Gorlizen (Bizkaia) beste gazte batzuk jipoitzeagatik. Biktimetako bat, 15 urteko mutiko bat, korderik gabe geratu zen emandako kolpeengatik, eta erietxean artatu behar izan zuten.

Atxilotutako zortzi mutikoak, 16 eta 19 urte bitartekoak, Bilboko Santutxu auzoko gazte talde bateko kideak dira. Gehienek aurrekariak dituzte, batez ere lesioengatik, liskar nahaspilatsuetan parte hartzeagatik, mehatxuengatik eta, kasuren batean, indarkeria erabiliz egindako lapurretarengatik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean zehaztu duenez, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen —zabalik du oraindik— Gorlizko pinudian hainbat borroka izan eta gero. Larrienean, apirilaren 3ko arratsaldean gertatutakoan, hainbat gazte zauritu ziren, tartean korderik gabe eta erietxean bukatu zuen 15 urteko mutiko bat. "Gaztea muino batetik behera jausi zen, eta lurrean zegoenean ere borrokan nahastutakoek kolpatzen jarraitu zuten". Jotzeaz gain, kate bat eta zorroa lapurtu zizkioten.

Ikerketaren arabera, zortzi atxilotuek "borrokak eragiten zituzten beste gazte batzuk bortizki jotzeko, eurek baino gehiago zirela baliatuta, eta, uneren batean, debekatuta dauden armak erabilita; ukabil amerikarrak, beisboleko bateak, borrak eta arma zuriak, besteak beste. Erasoak inongo arrazoi barik egiten zituzten. Zenbait kasutan grabatu ere egiten zituzten gerora sare sozialetan partekatzeko. Gertakariok alarma sozial handia eragin dute".

Ertzaintzaren agenteek 17 urteko hiru mutil atxilotu eta Fiskaltzaren esku utzi zituzten atzo. Horrez gain, 18 eta 19 urteko beste bi hartu zituzten atxilo, eta atzo bertan eraman zituzten epailearen aurrera. Horrez gain, gaur beste hiru adingabe (16-17 urte) atxilotu dituzte. Hirurak aske geratu dira, gurasoen zaintzapean, baina Fiskaltzaren aurrera azaldu beharko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gorliz Gazteak